Ostiral honetan, urriak 24, hartutako kalte zerebrala duten (HKZ) lagunek aldarrikapen-jardunaldi ludiko bat egingo dute Portugalete eta Areetan, urriaren 26an Hartutako Kalte Zerebralaren Nazioarteko Eguna izango baita. Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, jardunaldia Bizkaiko Zubian hasiko da, 11:15 aldera (topalekua Portugaleteko "El Solar" plazan, Gran Hotel Puente Colgante hotelaren ondoan, jarri dute 10:45ean). Han, hartutako kalte zerebrala duten pertsonek Portugaletetik Areetara gurutzatuko dute itsasadarra, ontzitxoan zein goiko pasabidetik, beren gurpil-aulkietan edo trizikloetan, senideak eta profesional soziosanitarioak lagun. Pertsona horiek gizartean dituzten balioa eta espazioa aldarrikatzea izango da helburua. Jardunaldian, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak Ignacio Quemada Bilboko Aita Menni ospitaleko zuzendari medikoak (ospitalea EAEko erreferentzia-zentroa da kalte zerebralaren tratamenduan) parte hartuko dute. ATECE Hartutako Kalte Zerebrala duten lagunen elkarteak ere adierazpena irakurriko du. Pertsona horiek parte hartu ondoren, ohorezko aurresku bat dantzatuko da, eta hartutako kalte zerebrala duten pertsonek ibilalditxo bat (12:00) egingo dute Areetako hondartzaraino. Churruca plazan emango diote amaiera ekitaldiari 13:00etan, aurretik Churrucaren morruaren amaieran (12:15) talde argazkia aterata. Argazkian, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatua kalte zerebrala duten hainbat lagunekin solasean, aurreko batean / © Bizkaiko Foru Aldundia.