Ramiro Pinilla
Ramiro Pinilla Bilbon jaio zen 1923an. 1961ean, "Las ciegas hormigas" eleberriarekin egin zen ezagun eta Nadal Saria eta Kritikaren Saria eskuratu zituen. "Seno" liburu dela bide 1971ko Planeta Sarian finalista izan ondoren, bere ibilbidea ohiko literatur zirkuituetatik at garatu du Ramiro Pinillak. Bere argitaletxea sortu eta liburuak bere kasa saltzeraino iritsi zen. 2004tik aurrera, "Verdes valles, colinas rojas" trilogiaren bidez gaztelaniazko literatur saririk garrantzitsuenetako batzuk irabazi zituen. 2005ean, eleberriaren Euskadi Saria jaso zuen lehen aldiz, eta hurrengo urtean Espainiako Kritikaren Saria eta Espainiako Narratibaren Saria eskuratu zituen. Horrela berriz ere lehen lerrora itzuli zen Getxoko Walden baserrian bizi den Pinilla, bati baino gehiagori idazle garaikiderik onenen artean dagoela erakutsiz. Horrelaxe berresten dute "La higuera" (2006), "Antonio B. el Ruso, ciudadano de tercera" eta "Sólo un muerto más" (2009) eleberriek, guztiak ere Tusquets Editores etxean argitaratuak.
"Aquella edad inolvidable"
"Aquella edad inolvidable" da, agian, bere lanik hunkigarriena. Etsipenari buruzko eta duintasunari eustearen inguruko istorioa, maitasun istorio bizia, familia-kontakizun hunkigarria eta alegia moral gogoangarria. Souto Menaya, “Botas”, ospea eta loria ezagutu arren orain zulo beltzean dagoen futbol jokalaria da. 1943ko Errege Koparen finalean gol historikoa egin ondoren, bere ibilbidea bat batean eten egin da, herren eta ia elbarri utzi duen lesio baten ondorioz. Igeltsero lana utzita futbolari profesional izatera iritsi den mutilak, herriko futbol taldeetatik Athletic-erako jauzia egiteko ametsa bete duenak, eserita egin beharreko lan bat behar du orain, eta kromoak kartazaletan sartzen hastea onartu behar izan du. Futbol-bildumetan bere argazkiarekin topo egitea, bizi duen hondamendiari umore beltzezko zipriztin bat gehitzea izango da. Patuak aurpegirik beltzena erakutsi zionetik, Soutok badaki bizitzako urterik onenak atzean gelditu direla, Irunerekin duen harremanari uko egin beharko diola eta gurasoen erretiro desiratuari agur esan. Garai bateko adin ahaztezin hura, aitari eskutik helduta Athletic-ekin negar eta barre egiten zuen sasoi hura ere dagoeneko ez zaio kontsolagarri... Baina orduan, kazetari bat berarekin gogoratuko da, eta proposamen tentagarria egingo dio.