Kataluniako kontsultaren aldeko batzarra izango da gaur Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 23a, 18:32

Gaur, arratsaldeko 7etan, Langileen eta Herrien Aliantzaren Aldeko Batzordeak (CATP) deitutako bilera irekia hartuko du Itzubaltzeta / Romoko kultur etxeak. Gai nagusia Kataluniako herri bozketa izango da, baina baliteke Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Bizkaibuseko greba eta Osakidetzako egoera ere jorratzea. CATP erakundea 2012ko azaroaren 10ean eratu zen, Madrilen burututako Estatu espainiar mailako langileen konferentzian. Bertan, 125 sindikalista eta zenbait eragiletako ordezkari batu ziren, xede nagusitzat beharginei fidela izango zaion ordezkaritza politikoa sustatzea jarri zutela. Era berean, langileen eskubide sozialak eta herrien nazio eskubideak defendatzea hartu ditu erakundeak zeregin gisa. Ildo horretan, CATPek erabateko babesa eman dio azaroaren 9an herri katalanak "bere etorkizuna aske erabaki ahal izateko" deitutako kontsultari eta Estatu osoan erabakitze eskubidearen alde mobilizatzeko deia egin du. Pasa den irailean batzar bana egin zuten CATPeko kideek Itzubaltzetan eta Algortan. Argazkian, pasa den igandean Bartzelonako Catalunya plazan burututako Ara és l'hora kanpainaren ekitaldiko irudi bat / cc-by-nc-nd Marc Puig i Perez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun