Algortako Zubilleta auzoko lurretan "ibai-parke ureztagarria" (sic) egitea proposatu dute gaur Marisa Arrue eta Eduardo Andrade
Getxoko PPren ordezkariek, aipatu eremua leheneratu eta herritar guztientzat erabilgarri egongo litzatekeen gune berde bilakatzeko asmoz. Zehazki, "Udalak utzita dituen" ikastetxe ondoko lurrez ari dira popularrak. "2009ko otsaileko udal batzarrean aho batez onartutako Egokitzapen Hidrografikorako Planean aurreikusten zen Zubilletako lurren maila jaistea, etorkizunean ibaiak gainezka egitea saihesteko", azalarazi du Arruek. Bada, "eremua ureztagarritzat jota aukera ezin hobea dago, berdeguneekin batera, Algortako auzokideentzako gozagarri izango den parke handi bat sortzeko", Getxoko PPren bozeramailearen arabera. Ildo horretan, lehenik eta behin ibilgua eta ibai-bazterrak sastrakaz garbitu eta "saneatu" beharko lirateke, popularren ustez, ondoren natura-ibiltoki bat eratzeko. Gainera, beraien hitzetan, "lan txikiak baino ez" lirateke egin behar horretarako, "diru gutxi gastatuta gainera". Proposamena mozio bidez eramango du hurrengo udal batzarrera Getxoko PPk. Argazkian, Andrade eta Arrue beraien proposamena aurkezten Zubilleta aldean / © Getxoko PP.