Miren Josune Ariztondo Kultura foru diputatuak atzo adierazi zuenez, "Ramiro Pinilla bizkaitarra ereduzko idazlea da letren munduan, eta beti izango dugu gogoan, gure haran berde eta mendixka gorrietatik". Getxoztartutako bilbotarra
atzo goizean zendu zen Gurutzetako ospitalean, 91 urte zituela. Pinillak bi aste baino gehiago zeramatzan ospitalizatuta, pankrean pairatzen zuen infekzioa zela eta. Herenegun ebakuntza egin behar izan zioten baina idazleak ez zuen gainditzea lortu. 1923an Bilbon jaioa, azken hamarkadatan Getxoko Walden baserrian bizi zen. Ramiro Pinillak Euskadi Literatura Saria, Kritikaren Saria eta Espainiako Narratibako Saria jaso zituen, "Verdes valles, colinas rojas" (2004-2005) trilogiarengatik, Bizkaiko Foru Aldundiak azpimarratu duenez. Nadal saria eta Kritikaren Saria ere jaso zituen, "Las ciegas hormigas" lanarengatik (1960koa, 2010ean berriro argitaratua). Halaber, Planeta Sariaren finalista izan zen 1971n, "Seno" obrari esker. Idazlearen hil-beila 20:00etara arte izango da gaur, Getxoko Ollarretxe kaleko tanatorioan. Argazkian, Ramiro Pinilla zena / cc-public domain Ganix33.