Hainbat zerga eta tasa "nahieran" ordaintzeko aukera dago Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 24a, 13:00

Ekonomikoki zailak diren uneotan, zergadunei "obligazioekin" betetzea errazteko, Leioako Udalak "nahieran" ordaintzeko aukera eskaintzen ari zaie. Modalitate hori baliatu nahi ez dutenek gaur arte bezala ordaintzen jarraituko dute, egutegi fiskalak ezarritako epeetan. Nahieran ordaintzeko sistemaren bidez, honako zerga hauen ordainketa zatikatu ahal izango dute leioaztarrek: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga, Ibilgailuak, espaloietatik sartzeagatiko tasa, bide publikoaren erreserbak aparkaleku esklusiborako, edozein motatako merkantzien karga eta deskarga, zein terrazak eta kioskoak instalatzeko baimena. "Horrela, zergak epeka ordaindu ahal izango dira, interesik gabe, zergapekoak berak erabakitako moduan. 2015ean, ordainketa bakarrean edo lau ordainketatan egitea aukeratu ahal izango da soilik, baina 2016tik aurrera, bi, sei edo hamar epetan ordaintzea posible izango da. Ondoren, e-mail bidez eskatuko zaio zergapekoari zein modalitateren arabera ordaindu nahi duen: epe bakarra, 2 epe (2016tik aurrera), edo 4 epe", azaldu dute udal iturriek. Argazkian, udaletxea / © Leioako Udala.

Nahierako ordainketa egiteko, honako hauek aintzat hartu behar dira:

- Udalean, nahitaezko bidetik, zorrik ez dutenek bakarrik egin ahal izango dute.
- Ezarritako epeetan kobratuko dira zergak, banku helbideratze bidez.
- Hitzartutako eperen bat ordaintzen ez bada, nahierako ordainketa bertan behera utziko da eta zorra ordaindu beharko da, zerga bakoitzeko ordainketa boluntariorako epearen barruan, edo nahitaezko bidetik (gainkarguarekin, interesak) behin epe hori iraungita.
- Nahierako ordainketaren ondorioz, zergapekoari ordaindu beharreko zenbatekorik balego, Udalak diru-itzulketa egingo du albait arinen.

Ordainketa zatikatua egin ahal izateko, erantsita doan inprimakia (pdf) bete eta udal bulegoren baten aurkeztu behar da:

- Leioako udaletxea (Elexalde 1), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
- Udaltzaingoa (Elexalde 1), 08:00etatik 21:00etara.
- Pinuetako bulego deszentralizatua (Lapurdi 3, behea), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
- Kultur Leioa (Jose Ramon Aketxe plaza 11), 09:00etatik 21:00etara.
- Sakoneta kiroldegia (Sabino Arana 77), astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 22:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan, 08:00etatik 22:00etara.

Eskabidea “Udaletxean” izeneko Herritarraren Karpetatik ere egin daiteke, Leioako Udaleko web gunetik, www.leioa.eu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun