Ertzaintzak indarkeriazko lapurreta eta iruzur delitu bana egotzi die 23 eta 29 urteko bi gizonezkori, urriaren 10ean, Getxon, emakumezko bati "tira eginda" poltsa ostu eta ondoren 32.000 euro kontu korrontetik atera zizkiotelakoan. Dirudienez, beste emakume bat konbentzitu zuten gaizkileek, substantzia estupefazienteen truke biktimaren lekua hartzeko. Aipatu andrea hilaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Kantabrian, ustez emakume getxoztarraren kontu korrontetik diru gehiago ateratzen saiatu ostean, Santoñako banketxe batean. Gizon bietako bat asteazkenean atxilotu egin zuen polizia autonomikoak. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, gaizkileetako batek eraso zuen biktima besteak ibilgailuan itxaroten zion bitartean. Lurrera bota ere egin zuen emakumea eta, ondorioz, ospitalera eraman behar izan zuten, eskuan eta zangoan zituen zauriak sendatzeko. Ibilgailuan ihes egin zuten lapurrek.