Jendartean tokia dutela aldarrikatu dute Areetan kalte zerebraldunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 24a, 19:35

Gaur, urriak 24 (ostirala), hartutako kalte zerebrala (HKZ) duten pertsonek aldarrikapen-jardunaldi ludiko bat egin dute Areetan, urriaren 26an Hartutako Kalte Zerebralaren Nazioarteko Eguna izango baita. Jardunaldian, "laguntza handiagoa" eskatu dute tratamenduetarako eta kaltea duten pertsonen premiei erantzuteko. Horrez gainera, azpimarratu dute "zer garrantzitsuak diren errehabilitazioa eta kaltetu zein senideen jendarteratzea". Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Aita Menni ospitaleak eta Hartutako Kalte Zerebralaren Bizkaiko Elkarteak (ATECE) antolatu dute jardunaldia, eta Urritasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea (FEKOOR), Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioa Getxo Bizi, Bidaideak, Bizkaiko zubia eta Getxoko Udala izan dira erakunde laguntzaileak. Jarduerak Bizkaiko zubian hasi dira; han, hartutako kalte zerebrala duten pertsonek Portugaletetik Areetara gurutzatu dute itsasadarra, ontzitxoan zein goiko pasabidetik, beren gurpil-aulkietan edo trizikloetan, senideak eta profesional soziosanitarioak lagun. Pertsona horiek jendartean dituzten "balioa eta espazioa" aldarrikatzea izan da helburua. Argazkian, hartutako kalte zerebrala duten lagunak Bizkaiko Zubitik ateratzen / © Bizkaiko Foru Aldundia.

Pilar Ardanza Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko diputatuak Areetan hartu ditu ekimen honen parte-hartzaileak, eta azpimarratu du "zer garrantzitsua den ahaleginak bateratzea gaixotasun hau duten pertsonentzat osasun-zerbitzuen eta jendarte-euskarrien sare bat sustatzeko". Ildo horretan, Ardanzak azaldu du Aldundiak jardunaldi honen bidez kalte zerebrala "ikusarazi" nahi duela jendartean, eta azpimarratu du "kirola dela jendartearen arreta lortzeko tresna, kirola arazoak gainditzeko eta jendarteratzeko bide bat baita, kasu honetan ezgaitasuna duten pertsonak jendarteratzeko".

Bestalde, adierazi du kalte zerebrala duten pertsonentzako zentroen "eskaera ia guztiei" erantzuten zaiela Bizkaian. Bizkaiak eguneko bi zentro ditu (Bekoetxe, Bilbon; eta Lurgorri, Gernikan) kalte zerebrala duten pertsonentzat. "Han, kaltetuen eta senideen bizi-kalitatea hobetzen da, eta, horrez gainera, bertan aldi bat igaro ondoren ingurune babestu batean lan egiteko gaitasunak hartzen duten pertsonak jendarteratzea eta lan-mundura sartzea sustatzen da", azaldu dute foru iturriek.

Horrez gainera, Ignacio Quemada Aita Menni ospitaleko zuzendari medikoak (ospitalea EAEko erreferentzia-zentroa da kalte zerebrala duten pertsonen errehabilitazioan) nabarmendu du jardunaldi honen helburua dela "jendarteari gogoraraztea pertsona batzuek bestelako gaitasunak dituztela eta laguntza behar dutela parte hartzeko beren eskubideak erabili ahal izateko". Eta gaineratu du "kirola eta aisia jendarteratzeko tresna oso garrantzitsuak" direla.

Pertsona horien hitzen ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu zaie, eta hartutako kalte zerebrala duten pertsonek ibilalditxo bat egin dute Areetako hondartzaraino. Partaide asko Aita Menni Kirol Elkarteko kideak dira; Aita Menni ospitaleak sortu berri du elkartea, inklusiorako kirola egiten eta haien errehabilitazioan laguntzeko eta, aldi berean, pertsona horien jendarteratzea eta ohitura osasungarriak bultzatzeko.

Kalte zerebrala EAEn

Kalte zerebralaren eragile nagusiak iktusak eta traumatismo kranio-entzefalikoak dira, eta azken honen eragile nagusiak trafiko-istripuak dira, baita lanekoak eta kirol arlokoak ere. Gaur egun, EAEn, hartutako kalte zerebralak eragindako ezgaitasuna duten 20.000 pertsona baino gehiago daude. Kalte zerebral baten ondorioak asko dira, eta, larritasunaren eta kaltetutako aldearen arabera, mugikortasun-arazoak, komunikatzeko arazoak, defizit kognitiboak eta asaldura emozionalak eta jokabide arloko asaldurak agertzen dira. Ondorio hauen konbinazioak eguneroko oinarrizko jarduera batzuk egitea eragozten du kasuen %60an, eta ezgaitasun larria edo osoa eragiten du kasuen %45ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun