Getxo eta Erandioko ikuztegietan ere izandako lapurretak ikertzen dabiltza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 24a, 20:39

Ertzaintzaren ikertzaileak hainbat lapurreta aztertzen ari dira; oraingoz 11 salaketa jaso dituzte, guztiak Gasteiz, Bilbo, Galdakao, Getxo eta Erandioko ikuztegietan kokatutako diru xehea emateko makinetan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, polizia autonomikoak ustezko egileetako bat identifikatu zuen lehengo astean Arabako hiriburuko establezimendu batean. Gailu elektroniko bat eta delituan ustez erabilitako beste hainbat tresna atzeman zizkioten susmagarriari. Ertzaintzak diru xehea ematen duten makinak dituzten establezimenduei ohartarazi die iruzur edo lapurreta mota berri horretaz. Orain arte jasotako hamaika salaketak azken hilabeteetan ikuztegietan izandako gertaerengatik izan dira. Lau Gasteizen, bina Bilbo, Galdakao eta Getxon, eta beste bat Erandion. Segurtasun Sailak dioenez, egileak (edo egileek) tresna elektroniko errektangeluar bat erabiltzen du, tabako-pakete baten tankerakoa; diru xehea emateko makinara hurbiltzen du, eta sistema baten bidez haren funtzionamendua nahasi eta barruan dituen txanponak botatzea lortzen du. Argazkian, lapurretarako erabiltzen duten gailua, tabako-paketez kamuflatuta, urrutiko agintea eta linterna barne hartuta / © Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila.

Ikerketen arabera bi egile izan daitezke; oro har, saltokietan, autozerbitzuko ikuztegietan aritzen dira, baina kasuren batean kalteak ere eragin dituzte ikuzgailuen diru-kutxetan. Gasteizen aurreko astean, urriak 17, Ertzaintzaren patruila bat establezimendura iritsi zen diru-xehea emateko makinaren aurrean susmagarria ustez ari zenean. Ertzainek identifikatu eta prebentziozko miaketa egin zioten; besteak beste, gailu elektroniko bat, urrutiko aginte bat eta deskarga-pultsadorea duen linterna bat atzeman zizkioten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun