Ramon Rubial omenduko dute astelehenean Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 24a, 22:22

Ramon Rubial Fundazioak omenaldia egingo dio astelehenean, hilak 27, Ramon Rubial Cavia PSOEko buruzagi historiko erandioztarra eta Euskal Kontseilu Orokorraren presidenteari, bere jaiotzaren 108. urtemugaren bezperan. Ekitaldia Casto Solano eskultoreak Rubiali dedikatutako "Ohoragarrien atea" pieza bikoitzaren ondoan egingo dute, Bilboko Uribitarte pasealekuan, goizeko 12etan. Bertan mintzatuko dira Eider Gardiazabal Rubial eurolegebiltzarkide, Rubialen biloba eta fundazioaren presidentea eta Mikel Torres zein Idoia Mendia, hurrenez hurren Bizkaiko eta EAEko PSE-EEko idazkari nagusiak. Rubial 1906an jaio zen Erandion eta Bilbon hil zen 1999an. Argazkian, Ramon Rubiali Bilbon, Ibaizabalen aurrean, jarritako estatua / cc-by Georges Jansoone.

Metalurgian hasi zen behargin. 1920an UGT sindikatuan hasi zen militatzen eta 1922an PSOEn afiliatu zen. 36ko Gerra Zibilean borrokatu zuen, Espainiako Errepublikaren alde, eta 1937an atxilotu eta 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hala ere, 1956ko abuztuaren 23an askatu zuten eta klandestinitatean lan egiteari ekin zion. Alderdi sozialistaren presidentea izan zen 1976tik 1999an hil arte. 1977an Bizkaiko senatari bihurtu zen eta 1978tik 1979ra Euskal Kontseilu Orokorraren presidentea.

Gaur egun bere izena dauka Txurdinagan PSE-EEk daukan egoitza. Horrez gain, Bilbon bizi izan zuen tokitik gertu bere irudi bat jarri du Udalak, eta Abandoibarrako kaleetako bati bere izena jarriko zaio. Bere jaioterrian ere Ramon Rubial du izena kaleetako batek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun