Historia eta kultura ondarea aldarrikatuko dute bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 25a, 16:07

Eskabetxeria S.O.S. herri kontseiluak deituta, bihar, igandea, "Gure ondarearen alde" lelopeko elkarretaratzea eta jende katea egingo dituzte Plentziako eskabetxeria zaharra zegoen izenik gabeko plazan, portuan, 13:00etan. Izan ere, urriaren 8an urte bat bete zen eraikin multzo historikoa eraitsi zutenetik, "auzo eta elkarte mugimendu handi batek haren iraupena eta erabilpen berria eskatzen zuen arren", Eskabetxeria S.O.S. taldeak gogoratu duenez. "Plentziako eta gure kostalde osoko itsas historiaren azken lekukoetariko bat zen hura, balio ageriko eta sinbolikoduna, interes arkitektoniko eta pisu historikoa zuena, Plentziak izan duen marinel izaeraren ikonoa" dio itsas-hiribilduko taldeak, ekimena iragartzeko zabaldu duen komunikatuan. Argazkian, 2013ko urriaren 7an abiatu zituzten botatze lanak.

129 urteko historia

Arruza eta Konpainia enpresaren eskabetxe planta iazko urriaren 7 eta 8an eraitsi zuten, Espainiako Ingurumen Ministerioak aginduta. Gauzak horrela, lantegi "plentzitarra"-k, 1884ko ekainaren 6an baimena eskuratu eta gutxira ezagutuko zuten moduan, ez ditu 130 urteak egin, nahiz eta herrian zabaldu ziren lau eskabetxe plantetatik zutik gehien iraun duena izan.

1884an Estatu espainolak emandako konzetsioa aldatu eta bertan etxebizitzak egiteko eskatu zion Arruza eta Konpainia enpresak Bigarren Errepublikako Gobernuari 1935ean. Madrilek ezetza eman zion. Aldiz, 1990ean, Ministerioak EAEko administrazioari utzi zion eraikina, portuaren azpiegiturak handitzeko. Baina, Eusko Jaurlaritzak ez zuen proiektua abiatu eta 17 urte beranduago ardura Madrilera bueltatu zen. 2010ean, Estatuak bertan behera utzi zuen Arruza eta Konpainia enpresari mende luze batez emandako baimena. Iazko maiatzaren 31n, Ministerioak etsipena eman zion jabegoari, kostaldea zaintzeko argudioa erabiliz. Plentziako hainbat hiritarrek zein EH Bildu koalizioak Udala eta Foru Aldundiaren parte hartzea eskatu zuten eraikina salbatzeko, baina ez zuten babesik eskuratu.

Eskabetxeriaren eraispena bideoan (© Plentzia TeleBista)



Eskabetxeriaren eraispena argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun