Athleticen gabarran maratoia korritu du Jon Salvadorrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 27a, 00:51

Jon Salvador atleta eta ertzain erandioztarrak elkartasun maratoia burutu du gaur ez ohiko tokian, Athleticen garaipenak ospatzeko uretaratzen den gabarraren kubiertan, alegia. Salvador Javier Conde atleta basauriarrarekin batera aritu da korrika, gaur eguerdian hasi eta 5 ordu 24 minutu eta 57 segundoz. Denbora hori behar izan dute ontzigainari 1.313 bira emateko, maratoiek dituzten 42.195 metroak eginez. Bilboko Itsas Museoaren zabalgunean jarritako ontzian, "Dani" Ruiz Bazan futbolari ohiak eman dio irteera lasterketari. "Dani" orain arte Espainiako Ligaren Txapelketa irabazi eta gabarran ospatu duen Athleticeko azken kapitaina da, dagoeneko 30 urte pasatu direla gerezi garai horietatik. Aldiz, gaur pistola trabatu eta laugarrenera arte ez dute lortu irteteko pistola-tiroa botatzea. Atletek eguraldi eta giro ona izan dute lagun probaren zehar. Sufrikarioaren ostean, "bukatu izanak pena eman digu" esan die umoretsu Salvadorrek txalo artean animatu dieten lagunei. Hurrengo erronken artean Australiako Melbourne eta AEBko Saint Louis hirietako elkartasun maratoiak dituzte atleta bizkaitarrek. Izan ere, Elkartasun Maratoien Elkartearen proiektuan ari dira biak, 28 hiri olinpiko zein paraolinpikoetan korrika egiteko, zenbait asmorik gabeko erakunde laguntzeko asmotan. Jakinarazi dutenez, dagoeneko 100.000 euro zabaldu dituzte. Argazkian, Jon Salvador eta Javier Conde ekimenaren aurkezpenean / © Sabin Anuzita - Uriola.info.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun