Mugagabeko grebari ekingo dio gaur Bizkaibusek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 27a, 02:36

Azken orduko ezustekorik ezean, gaur, astelehena, amaiera jakinik gabeko greban hasiko dira Bizkaibus enpresako langileak. Izan ere, pasa den ostiralean akordiorik gabe amaitu ziren Bizkaiko Foru Aldundia eta Lan Batzordearen arteko elkarrizketak. Hori dela eta, hilaren 6tik hona bederatzi lanuzte burutu ostean sindikatuek mobilizazioak gogortzeko deia egin dute, lanpostu guztiak mantenduko diren bermerik ez dutelako antzematen. Itziar Garamendi Garraio diputatuak ostiralean bertan Herri Lan eta Garraioetako Foru Batzordean azaldutakoaren arabera, Aldundiak sindikatuekin iaz adostutako puntu guztiak bete egin ditu: "Bizkaibuseko langile guztien subrogazioa bermatuta dago, eta 2013ko urrian zeuden lanpostu guztiak mantentzeko konpromisoa adierazi diegu langileei". Izan ere, gatazkaren jatorria iazko urriaren 4an dago, egun hartan Aldundiak Bizkaibusen lineak esleitzeko akordioa hitzartu zuenean UGT, CCOO, ELA eta LSB-USO sindikatuekin. Ohi bezala, foru esleipenak langileak subrogatzera behartzen zituen enpresak, baina handik hona, batez ere Metro Bilbaoren zabalkundearen eraginez, hainbat linea desagerraraziko duela zabaldu du Foru Aldundiak. Linea horietako beharginak eta behin-behinekoak kontuan hartuta 300 bat lagun dira kalean geldi daitezkeenak, sindikatuen arabera. Argazkian, Bilbo eta Getxo arteko 3414 lineako Bizkaibus autobusa / cc-by-sa Uriola.info.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun