Kosta Trail proban lortutako 13.500 euro esklerosi anizkoitzaren fundaziorako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 27a, 13:09

Ekainaren 15ean egin zen Forum Sport-ek antolatzen duen Kosta Trail kirol proba, Sopelako Udala, Salomon eta Laboral Kutxaren kolaborazioarekin. Bertan jasotako diruaren zati bat Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioari eman zioten aurreko urriaren 21ean. Ekitaldia elkarteak Bilboko Ibarrekolanda auzoan duen egoitzan izan zen. Bertan izan ziren Javier Ormazabal eta Pedro Carrascal fundazioko kideak, Jesus Beamonte Forum Sport-eko Publizitate eta Komunikazio arduraduna, Laboral Kutxako Jose Ramon Taranco eta Alain Goldaraz Sopelako Udaleko kirol zinegotzia. Antolatzaileek bildutako 13.500 euroak eman zizkieten. Lehenengo biek laguntzaileen konfiantza eskertu zuten eta azpimarratu zuten dirua fundazioak finantzatzen dituen zerbitzu sozialak ordaintzeko erabiliko dutela. Era berean, antolakuntzak Sopelako Udalak egindako lana eskertu zuen, azpiegitura eta zerbitzuengatik. Baina batez ere, parte-hartzaileen inplikazioa nabarmendu zuten, euren izen-emateei esker diru-laguntza hori lortzea lortu baitute. Argazkian, dirua emateko ekitaldia joan den asteartean / © Sopelako Udala.

Kosta Trail probaren bederatzigarren edizio honek marka guztiak hautsi zituen, 4200 pertsona batuz. Urtez urte proba solidario honek gero eta lagun gehiago elkartzen ditu: lasterketa (30 km), mendi-martxa (20 km) eta martxa familiarra (11 km).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun