Zazpigarren aldiz Urdulizera joan da Gernikako barazkien saria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 27a, 18:41

Azken sei urteetan bezala, Adela Andikoetxea Urdulizko baserritarrak barazkien saria irabazi egin du gaur, urriko azken astelehenean ospatu den Gernikako azokan. Aurten 306 saltoki izan dira euskal nekazaritza azoka garrantzitsuenean, iaz baino 29 gehiago. "Busturialdeko HItza"-ren arabera, datu zehatzak eman ez arren, 100.000 lagun inguru batzea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurten, gainera, iaz ez bezala, eguraldiak lagundu egin du. Hala, Gernika-Lumo jendez gainezka izan da. Urtero legez, hainbat lehiaketa egin ziren: esan bezala, barazkiena Adela Andikoetxea urduliztarrak irabazi du, frutena Gereñoko Jon Etxebarriak, loreena Gatikako Nerea Lopezek, Txone S.L. upategiak (Gatika) txakolin zurian eta gorrian, eta Maisu S.L.-k (Orduña) txakolin beltzean. Lore-eztigileen artean Valentin Llona zornotzarra gailendu da aurten ere. Gaztarik onenaren saria Agiñigako (Araba) Larrabe gaztandegiak eraman du. Gaztaren enkantean, berriz, Bilboko “Mendata Berria” jatetxeak bereganatu du gazta irabazlearen erdia 7.500 euroan. Iaz ere, jatetxe horrek erosi zuen gazta irabazlearen erdia, 6.700 euroan. Bigarren sarituaren enkantean, bestalde, Xaiborrek eman du diru gehien. Hain zuzen, 4.100 eurogatik erosi du La Lezeren gazta erdia gernikarrak. Argazkian, Irene Pardo Nekazaritza foru diputatuak eman dio saria Adela Andikoetxeari / © Bizkaiko Foru Aldundia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun