Getxoztarra zen Barrikako uretan hildako arrantzalea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 28a, 17:29

Getxoko Udalaren Bozeramaleen Batzordeak, gaur eguerdian bilduta egon ondoren, adostu du atzo Barrikako kostaldean arrantzan ari zela hildako Iñaki Iruretaren familiari eta, berarekin zihoala, zauritutako Jacinto Lastrari elkartasuna agertzea. Biak ala biak getxoztarrak. Bestalde, "Itsaso Berria" itsasontzia Getxon artisau-arrantzan aritzen zen gutxienetako bat zen, udal iturriek zehaztu dutenez. Aldi berean, bi familiei doluminak igortzea adostu dute eta zauritutakoari hobetzeko nahia ere. Bi familiekin harremanetan jartzea ere erabaki dute udalbatzaren laguntzeko desioa helarazteko. Iñaki Irureta hil egin zen eta Jacinto Lastra zauritu atzo Barrikan arrantzan zebiltzan "Itsaso Berria" ontzia harkaitzetan hondartu ostean. Espainiako Gobernuaren Itsas Salbamendu zerbitzuak zabaldu zuenez, goizeko 11ak pasata jaso zuten Algortako Arriluze kaian tokia zuen 11,85 metro luzerako "Itsaso Berria" arrantza ontziko larrialdi abisua. Bertaraino, salbamendu taldeak bidali zituzten. Hara heltzean, itsasontzia harkaitzetan hondartua zegoela ikusi zuten, Barrikako hondartzatik gertu. Iruretaren gorpua topatu zuten uretan eta helikopteroz erreskatatu zuten. Lastrak, berriz, igerian Barrikako hondartzara iristea lortu zuen eta anbulantzian Gurutzetako ospitalera eraman zuten, zaurituta. Argazkian, Gurutze Gorriaren erreskate ontzia artxiboko irudian / © Bizkaiko Gurutze Gorria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun