EAJ-k eta Ezker Batuak osatzen duten udal gobernuak Sakonetako kiroldegia "hiltzen utzi" dutela
salatu du Leioako EH Bilduk.Urteetako "utzikeria eta arduragabekeriaren" ostean, besteak beste, ondokoak aipatu dituzte: "igerilekuaren itxiera mugagabea da, dutxa eta aldagelen egoera negargarria, langileen lan baldintzen prekarizazioa eta batzuen kaleratzea, gimnasioa gainezka dago eta ez dauka aire-giroturik...". EH Bilduk dioenez, "erabiltzaileen kexak geroz eta ugariagoak" dira, instalazioen kontsezioa Guedan enpresak hartu duenetik. "EH Bilduk aurkezturiko kexen aurrean eta egungo egoeraren erantzukizunak eskatu ostean, Jon Lazkano Kirol eta Kultura zinegotziak egoera onartu beharrean harrotasunez erantzun digu Udalak azken 4 urteetan 650.000 euro inbertitu dituela esanez. Kopuru ez-nahikoa agerian geratu diren gabeziak ikusi eta gero. Konparaketa bat egitearren, Udalak 540.000 euro gastatu ditu Pinosoloko igerilekuko ur-txirristetan", azaldu dute ezkertiarrek. Argazkian, Pinosolon jarritako txirristak / cc-by Leioako EH Bildu.