Gizon bat atxilotu dute Getxon bikotekideari erasotzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 28a, 18:13

Getxoko Udaltzaingoak gaur goizaldean 35 urteko gizon bat atxilotu du, emakumearen kontrako tratu txar delitua egotzita, bizi zen 29 urteko emakumea ustez mehatxatu eta erasotzeagatik. Badirudi, mehatxuak eta erasoak ohikoak zirela beren bikote harremanean, batez ere 2014ko abuztuaz geroztik. Udal getxoztarrak zabaldutakoaren arabera, mehatxu horiek aurrez aurre zein eskuko telefonoaren bidez izaten ziren. Hala ere, emakumea bere bikotearen kontrako salaketa ipintzera bultzatu omen zuena izan zen gizonak portaera bortitza eduki zuela salatzailearen alaba txikiarengan (amaren kontra botatako mehatxuen lekukoa). Era berean, aipatutako salaketa jartzearekin batera, biktimak babesteko agindua eskatu du. Atxilotua Getxoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute, genero indarkeria delitua egotzita. Argazkian, 2013ko azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, 50 bat lagunek egin zuten kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan Bilgune Feministak deituta.

Halako gertakarietan ohi den bezala, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak ustezko erasoa gaitzetsi du eta gogoratu du “indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela; eta aldi berean, tratu txar fisiko edo psikiko jasaten dituzten emakume biktimak Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jotzeko animatu ditu, "han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete". Eigurenek gogoratu du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere joan daitezkeela, baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono zenbakira (900 840 111) eta SOS Deiak zerbitzura (112) deitu ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun