Ekoguneko negutegia garbitzeko boluntarioak eskatu ditu Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 28a, 19:11

Uribe Kostako Mankomunitateko Iraunkortasun Saila, 2006an, nekazaritza ekologikoko ikastaroak ematen hasi zen, eta harrez gero "arrakasta handia" lortu izan du eskaintza horrek, tokitik adierazi dutenez. 2010era arte, ikastarook lur sail pribatuetan egin ziren, baina data horretatik aurrera, Urdulizen dauden negutegietan egiten dira; eta gaur egun ere hor eskaintzen dira. Hala ere, "gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta", ezinezko egiten omen da negutegia ikastaroak emateko moduko egoera egokian edukitzea, Mankomunitatetik aipatu dutenez. Eta horregatik, bada, boluntarioak eskatu dituzte Urdulizko negutegian dagoen sasitza bertatik kentzeko. Azaroaren 8an egingo dute lana, larunbatean, goizeko 9etan. Lagundu nahi izatekotan, mezu elektronikoa bidaltzea eskatu dute: cursos[abildua]uribekosta.org. Edo telefonoz deitu: 946 579 280. Argazkian, inausketa kanpaina ere aspalditik abian du Mankomunitateak / © Barrikako Udala.

"Zuen laguntza eskertzeko, egun horretan, eguerdi aldean edo, atsedenalditxoa egingo dugu hamaiketakoa hartzeko", gaineratu du Uribe Kostako Mankomunitateak. Aitzurra eta tresna egokiak dituztenei eramateko ere eskatu diete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun