"Txikia plaza" berriro ere Getxoko udal batzarreko gaia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 29a, 11:50

2009ko apirilaren 8an Bilboko administrazioarekiko auzi-epaitegiaren 5. Aretoak Eustakio Mendizabal ETA erakundeko kidea, poeta eta euskaltzalea zena gogoratzen zuen Algortako plazaren errotulua kentzea agindu zuen. Baina, oraindik orain, "Txikia plaza" izena dauka Villaondoeta, Iparbide zein Ibaizabal kaleen eta Makaletako Etorbidearen arteko guneak Getxoko Udalak argitaratutako mapetan. Bada, atzoko udal batzarrean, tokiari udalerriko emakume ospetsu baten izena ematea onartu zuten, PP eta PSE-EEren botoen bitartez. Popularren mozioari transakzio-emendakina aurkeztu zioten sozialistek. Horri jarraiki, batzorde batek erabakiko luke plazari zein emakumeren izena eman. Hala ere, beste behin ere mozioak "adierazpen ez betearazleak direla" gogoratu du EAJk zuzendutako Udal Gobernuak, osoko bilkuraren ostean helarazitako prentsa oharrean. Argazkian, besteak beste, Eustakio Mendizabal "Txikia" gogoratzen zuen plaka jarri zuten irailaren 27ko Gudari Egunean; eta Getxoko PPk salatu / © Getxoko PP.

1980ko maiatzaren 17an, Getxoko Udalbatzak "Txikia plaza" izendapena onartu zuen, EAJ eta HBko botoekin eta PSEren abstentzioarekin. 2009ko apirilaren 8an, ordea, Dignidad y Justicia elkartearen eskaerari jarraituz, Eustakio Mendizabal Benito "Txikia" gogoratzen zuen plazaren plaka kentzea agindu zuen Bilboko administrazioarekiko auzi-epaitegiaren 5. Aretoak. Orduan ere EAJ agintean zela, Getxoko Udalak handik gutxira bete zuen agindua. Urte horretako apirilaren 27ko osoko bilkuran, berriz, PP eta PSE-EEren botoez onartu egin zen Txikia plazari izena aldatu eta "Bakearen plaza" izendapena jartzea. EAJk eta Ezker Batuak PPk aurkeztutako mozioaren kontra bozkatu zuten. Oraindik orain, "Txikia plaza" izena dauka Villaondoeta, Iparbide zein Ibaizabal kaleen eta Makaletako Etorbidearen arteko guneak Udalak argitaratutako mapetan. Eustakio Mendizabal "Txikia" 1973ko apirilaren 19an hil zuen handik gertu Espainiako Poliziak.

Kuartel-etxea eta Kataluniako kontsulta

Bilduk aurkeztu eta EAJk transakzionatutako bi mozioei ere, oniritzia eman zien atzokoan Getxoko Udalbatzak. Lehenengoa, Espainiako Segurtasun Indarren "errepliegea" eskatu eta haien ondasun higiezinak (Algortako Arene kaleko Guardia Zibilaren kuartel-etxea) Getxo udalerrian ondasun publiko bihurtzeko, argi utzita Udalaren nahia dela ondasun higiezin horiei erabilera soziala ematea. Eta bigarren mozio bat, Kataluniako kontsultari lotua, besteak beste, Udalak Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa errespetatu eta, horren gainean, Eusko Legebiltzarrak joandako urriaren 9an onartu zuen legez besteko proposamena berresteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun