Tasari dagokionez, hori onartu izanak, "bizikleta publikoaren mailegua eta bizikleta pribatuaren aparkatze segurua bateratuko dituen zerbitzua ezartzea bermatuko du", udal iturrien ustez. EAJren Gobernu Taldetik adierazi zutenez, “Europan zerbitzu aitzindaria izango da. Horrez gainera, sistema honek egungoa nabarmen hobetzen du: batetik, aparkamendu-sistema berak bizikleten babes eta zaintza hobetzen du, bizikleta-estazio berriek lapurreta, hezetasun, eguraldi txar eta ekintza bandalikoak ekidin beharko baitituzte; bigarrenetik, bizikleta pribatuen aparkatze segurua eskaintzen du; eta hirugarrenetik, ekipamendu lizitatua udalarena izango da zerbitzua emateko aldia amaitutakoan, hurrengo urteetan kostua murriztuz”. EH Bilduk adierazi bezala, premiazko prozedura bidez sartu zuten puntua gai-ordenan, EAJ eta PP tasari buruzko akordioa egin zutelako.
Prezioak
Egungo prezioei eutsi egingo zaie: 10 euro alokairuaren urteko bonua, 2 euro egun bakar batekoa eta 20 euro bizikleta pribatua aparkatzeko urteko bonua. Bestalde, PPren eskaera bati erantzunez, bizikleta-euskarri basea jarriko dute bidaiari-itsasontzien atrakalekuaren inguruetan, dagoeneko itsasadarreko pasealekuan zehar lau mailegu-gune dauden arren. Halaber, zerbitzua ematerakoan langabezian dauden edo giza baztertze arriskuan dauden pertsonak sartzea exijituko da, Getxolan Ekonomia Sustapenerako Sailak gainbegiratutako Gizarte-laneratzeko Plan baten bidez.
Bitartean, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta PP eta Bilduren abstentzioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen inguruko errekurtsoen administrazio organoak uztailaren 31n emandako ebazpenaren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeari buruzko alkatetzaren dekretua berretsi zuen Udalbatzak. Ebazpenak bideak garbitzeko eta zarama batzeko kontratuaren esleipena baliogabetzen zuen.
Mozioak
Mozioen atalean, "adierazpen ez betearazlea direla" aintzat hartuta, sei onartu ziren. PPk aurkeztutako hirurak atera zituen aurrera: bata, Las Uves inguruan dagoen Txikia plazari izen berria ipintzeko, eta PSE-EEk proposatuta, Getxo udalerriko emakume ospetsu baten izena emateko. Beste bat, Zubilletako lursailak urak har ditzakeen ibai-parke handi bihurtzeko beharrezko izapideei ekiteko. Eta hirugarrena, 2015ean bizikleten mailegu-zerbitzu bat kontratatzeko itsas bidaien itsasontzietako bidaiariei eskaintzeko, eta dendariek eskalen egunek igande edo jaiegunekin bat egiten dutenean, egun horietan, goizetan, dendak ireki ditzaten.
Bilduk aurkeztu eta EAJk transakzionatutako bi mozioei ere, oniritzia eman zieten. Lehenengoa, Espainiako Segurtasun Indarren "errepliegea" eskatu eta hain ondasun higiezinak Getxon ondasun publiko bihurtzeko, argi utzita udalaren nahia dela ondasun higiezin horiei erabilera soziala ematea. Eta bigarren mozio bat, Kataluniako kontsultari lotua, besteak beste, Udalak Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa errespetatu eta Eusko Legebiltzarrak joandako urriaren 9an onartu zuen legez besteko proposamena berresteko.
Azkenik, PSE-EEren mozio bat onartu zuten udalerriko pintadak ezabatzeko, horiek ezabatzeak eragiten duen kostuari buruz herritarren artean kontzientziazio- eta elkarlan-kanpaina egiteko eta graffiti-egileentzat espazio publikoak prestatzeko.