Maitane Nerekan (EH Bildu): "Getxoko EAJ, PP, PSE, zeren beldur zarete?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 29a, 13:21

Herritarrek ez zenuten jakingo lerro hauengatik izango ez balitz, ezkutatu nahi dizuetelako. Orain urtebete Getxoko Udalean ordezkaritza dugun talde politikook (EAJ, PP, PSE eta EH Bildu) udal barne araudia berritzeko bileratan hasi ginen. EH Bildukook prozesua herritarrei zabaltzeko eskatu genuen, parte hartzeko eta informatuta egoteko aukera emateko; gainontzeko talde guztiek ezetz esan zuten. Prozesuarekin jarraitu zuten; guk Parte-Hartze ordenantza osatzeko kanpaina jarri genuen martxan herritarrei eta elkarteei hurbilduz. Ezkutatzen badizuete ere, talde politikoak bilera itxi horietan erabakitzen ari garen dokumentuan, besteak beste, herritarrek datozen urteotan udaleko erabakietan hitza izateko izango duzuen ala ez erabakiko da; baita zuek aukeratu dituzuen talde politikoen eskubide eta betebeharrak zehaztu ere. Argazkian, ordezkari politikoek gai zerrendarekin amaitutakoan bakarrik daukate hitza eskatzeko aukera auzokideek.

Horregatik, bilera horietako aktak publiko egitea erabaki genuen, gure web gunean eskegiz. Orain EAJ, PP eta PSEk eskutik helduta, umeei botatzen zaien “errieta” horietakoa bota digute, aktak publiko egitea desleiala dela esanez (beste hamarnaka akusazio basatiren artean); are gehiago, bide horretatik jarraituz gero mahaitik altxatu eta prozesua gelditzearekin mehatxu egin digute. Egin dizuete.

EAJ, PP eta PSE -honetan bai ados ah ze kasualitatea!- dira trikimailuetan eta kontraesanetan aritzen direnak; batetik, aktak ezin direla argitaratu behin behineko erabakiak direlako, eta bestetik, aktak argitaratzea txarra dela bertan erabakiak dagoeneko hartu direlako eta herritarrek ezin dutelako ezer esan.

Publikoki eta gardentasunez erantzun nahi diegu, udal araudiez eta parte hartzeaz bilera itxietan eta sekretupean hitz egiten duten horiei: ezin du leialtasunez hitz egin hitza ez betetzeko trikimailuetan ari denak. Leialtasuna landu eta irabazi behar da, eta guk ez diegu inolako leialtasunik zor ezkutuan ari direnei, kalean gauza bat eta udaletxean beste bat esaten dutenei. Getxoko herritarroi besterik ez dizuegu leialtasuna zor eta zuokin bakarrik dugu, gugan konfiantza jarri izanagatik, konpromiso sendoa.

Ez dugu aktak erretiratzeko asmorik, are gutxiago orain, Getxoko EAJk eta PPk botatako mehatxuekin agerian utzi dutenean gardentasunari dioten beldurra. Eurak dira ezkutatzeko zerbait dutenak. Bestela, zergatik bileretan esan dutena publiko egiteko arazoa? Beste behin, udala modu itxi eta ezkutuan kudeatzeko asmoa dutela erakutsi dute eta, parte hartzearen bandera lau haizeetara astintzen badute ere, euren parte hartzea benetako Demokrazia Parte Hartzailetik oso urrun dagoela frogatu dute.

Gure aldetik, jarraituko dugu kalean zein udaletxean lanean Getxoko udaleko ate eta leihoak parez pare zabaltzeko. Eta herri honetako auzokide, elkarte eta eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei eskua luzatzen dizuegu elkarlanerako, udal erabakietan duzuen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Getxoko udala zabaltzera goaz!

Getxoko EH Bilduk Udal Araudi Organikoaren (UAO) inguruko eztabaida hautsi izanaren arrazoiaren iritzi artikulua, Maitane Nerekan Umaran koalizioko bozeramaileak sinatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun