Ostiralero Astrabuduako osasun etxearen alboko parkingean jartzen duten azokatxoa Mendiguren plazara aldatzea eskatu du Erandioko PSE-EEk. Horrela, ez lituzkete bertako aparkatzeko tokiak erabilgaitz utzi behar izango, tokiko sozialisten hitzetan. Juan Otermin Erandioko PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, "ostiralero, zazpi orduz, 40 aparkatzeko tokirik gabe geratzen da Astrabudua". Hori, aipatu jarduera Mendiguren plazara, eliza atzealdera, aldatuz saihestuko litzateke, bere ustez. "Espazioak eta horien balizko erabilerak berriro aztertuz konpon daiteke udalerriak daukan aparkaleku gabezia; auzokideen interesak eta beharrizanak bateragarri eginez, alegia", adierazi du Oterminek. Erandioko PSE-EEren arabera, udalerrian erroldatutako ibilgailu kopurua dagoen aparkatzeko tokiena "baino askoz handiagoa" da, "batez ere Astrabuduan eta Altzagan". Argazkian, Otermin.