Ramiro Pinillari gorazarre egingo diote etzi Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 29a, 17:28

Ostiralean, hilak 31, duela gutxi zendu zen Ramiro Pinilla idazle getxoztarra oroitzeko ekitaldia izango da. "Ramiro Pinilla: Recuerda, oh recuerda" izenburupean, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean izango da 18:00etatik aurrera. Bertan, irudiaz, musikaz eta egilearen inguruko pertsonen zein irakurleen eta beste getxoztarren parte-hartzeaz baliatuta, egilearen bizitzan eta literatura-jardueran barreneko ibilbidea egingo da. Ekitaldia udal liburutegiek antolatuta dago eta formatu irekia dauka. Horrela, nahi duten pertsona guztiek parte har dezakete, tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Horrenbestez, irakurzaleak, auzokoak, idazleak eta kultura arloko zenbait lagun mikrofonoaren aurrean ariko dira Pinillaren testuak irakurtzeko, haren lanaz edo, egilearekin zuten harremanaz mintzatzeko edo, idazlearekin bizitako pasadizoak kontatzeko. Ekitaldian, besteak beste, Unai Elorriaga idazle algortarrak, Rafa Villa artistak, Pinillak hiru hamarkada baino gehiagoz antolatutako literatura tailerreko partaideek eta bertoko zenbait ikastetxetako ikaslek parte hartuko dute. Argazkian, Ramiro Pinilla zena / cc-public domain Ganix33.

Lucía Martínez Odriozola kazetari eta idazlearen lagunak gidatuko du ekitaldia eta horretan garrantzi handia izango du musikak. Pieza klasikoak, opera eta tangoa, Pinillaren genero gustukoenak, izango dira ekitaldiaren haria eta horiez baliatuta "Verdes valles, colinas rojas" egilearen zenbait garaitako argazkiak erakutsiko dira. Halaber, bideoak ere proiektatuko dira eta horien artean nabarmendu behar da ekoizpen prozesuan dagoen Pinillaren inguruko dokumentalaren zati bat.

Halaber, kultur etxean egilearen liburu guztiak egongo dira ikusgai. Horietako gehienak, maileguaren bitartez etxera eraman ditzakete udal liburutegien erabiltzaileek. Prentsan agertutako berriak ere bildu dira biharko ekitaldirako eta, azkenik, Pinillaren liburuetan agertzen diren Getxoko lekuen gida banatuko da, udalerri bizkaitarrak leku garrantzitsua baitu egilearen obran.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun