Berrikuntzez beteta dator aurten Getxoarte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 29a, 17:47

Azaroaren 7tik 9ra Getxoarte izango da. Aurten, formatu aldaketaren aldeko apustua egin du azokak eta helburu zabalagoak gauzatzeko asmoa du. Ekimenaren bitartez artista berrien lana bultzatu eta horien prestakuntzan lagundu, esperimentazio- eta hazkunde-gune bilakatu eta sormen garaikiderako prozesuak publikoari hurbildu nahi dute, Getxoko Kultur Etxeak nabarmendu duenez. Azoka Areetako Xake plazako karpan kokatuko da eta bertan 30 arte-proposamen egongo dira ikusgai eta, horien inguruan, zenbait jarduera-programa antolatu dira. Hasiera batean, Getxoarte Arte Sortu Berrien Aretoa izendatu zen eta artista gazteen lana publikoari hurbiltzea zuen asmo nagusia. Aurten, erakusketa-esperientzia izateaz gain, xede handiagoak dituen gune bihurtu da eta hortik dator, hain zuzen ere, ekimenaren izen-aldatzea: Praktika Garaikideen Aretoa. Horretarako, Aretoa bere jatorrizko kokapenera itzultzen da, hots, Areetako Xake plazako karpara. Beraz, parte hartzen duten artista guztien proiektuak bertan ikusgai izango dira. Han, ondo bereizitako lau ataletan antolatutako programa garatuko da. Argazkian, besteak beste, Koldo Iturbe Kultura zinegotziak (ezkerrean) eta Gonzalo Olabarria Kultura foru zuzendariak (eskuinean) aurkeztu dute gaur Getxoarte, Bilboko Rekalde Aretoan / © Bizkaiko Foru Aldundia.

Horietako lehenengoa, eta gainerakoen ardatza izango dena, Programa Orokorra da, 30 proiektuz osatua, zeinak, beste hainbat standetan azalduko diren, guztiak ere, epaimahai espezializatu batek hautatuak. Proiektu horien protagonistak, aurretik, banakako erakusketa-esperientziarik ez duten artistak dira, ondorioz, Aretoan parte hartzeak ilusioz betetzen ditu. Berrikuntza gisa, oraingoan, Getxoarte ez zaie EAEko sortzaileei soilik irekiko, baizik eta, baita, Espainiako gainerako erkidegoetako sortzaileei ere. Horrela, hautatutako 23 proiektu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako artistenak dira eta horietatik lau getxoztarrak dira eta bat plentziarra; gainerako 7 proiektuak Bartzelona, Madril, Iruñea eta Las Palmaseko artista sortzaileenak dira. Horien eskutik, jendeak modalitate desberdineko askotariko lanak ezagutzeko aukera izango du, marrazkietatik diziplina anitzetako instalazioetara, eskulturazko, argazkigintzako eta pinturazko lanak eta performanceak barne.

Arte-erakusketa bultzatzeaz gain, Getxoartek, aurten, "hautatutako artistak zuzentzeko, laguntzeko eta aholkatzeko euskarri" izan nahi du. Horregatik, proiektua prestatzen eta aurkezten den unetik, horren hautaketa eta ekoizpena barne, artistek aholkularitza-zerbitzu bat erabili ahal izan dute. Zerbitzu hori Getxoarteren zuzendaritzatik gauzatu da, zuzentzeko eta ekoizpenarekin, edukien edizioarekin eta erakusketarekin berarekin lotutako alderdi guztietan eduki ditzaketen zalantzak ebazteko xedearekin.

Getxoarteren bigarren habea Programa Hezigarria dator, artisten lanetik ondorioztatzen dena eta hauei nahiz publiko guztiei zuzendua dagoena eta paraleloki beste jarduera batzuk hartuko dituena, besteak beste, mintzaldiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak. Gainerako beste bi ardatzak, Programa Kuratoriala eta, azkenik, Programa Zabaldua dira, oso eremu desberdinetan sormenaren ingurunearekin lotutako agenteen proiektuak hartzen dituena.

Getxoarte saria

Praktika Garaikideen Aretoak jarduera artistikoa bultzatzeko aurten dakarren beste berrikuntza bat sari baten sorrera da. Horrela, epaimahai batek erakusgai dagoen lan bat hautatuko du kalitate-, formatu- eta proiekzio-irizpideetan oinarrituz. Saria 2.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango da eta hautatutako lana Getxoarteren bilduman gordeko da, zeina, Arabako Artium Museoarekin finkaturiko hitzarmenaren bitartez, bertan erakusgai jarriko den.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun