Udagoieneko Ostera asteazkenean abiatuko da Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 30a, 11:42

Udagoieneko Ostera Bizkaiko kultur zirkuituaren XV. edizioa antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Lehen aldiz, zirkuituan izango diren zenbait sortzailerekin solasaldiak izango dira, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Solasaldien antolaketan, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteek eta hedabideek hartuko dute parte. Elkarteen kultur eskaintza aberastearekin batera, zaleak euskaltzaleen mugimendura gerturatu eta hauei kultur sortzaileekin harreman bide zuzenak ematea dira helburuak. Bada, Algortan abiatuko da Udagoieneko Ostera, datorren asteazkenean (azaroak 5). 20:00etatik aurrera, Villamonte kultur etxean (sarrera doan), Gari musikariarekin solasaldiaz gozatzeko aukera egongo da, Egizu elkarteak antolatuta eta "UK" aldizkariak gidatuta. Hilaren 9an (igandea), berriz, azken sei urteetan bakarka edota bikote moduan ibili ondoren, MaldanBera taldearekin helduko da Gari Areetako Andres Isasi musika eskolara, proiektu berri bati ekinez. Kontzertua 19:00etan hasiko da eta sarrerak 8 eurotan daude. Argazkian, Iñaki Garitaonaindia "Gari" euskal musikari ezagunak eskainiko du hitzaldia Algortan / © Elkar argitaletxea.

Udagoieneko Osterak, euskarazko kultur produkzioa gerturatzen du Bizkaiko antzokietara, euskaltzaleei aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eskainiz. 15. edizioa, azaroaren 5etik 29ra bitartean gauzatuko da, eta kontzertu eta ikuskizunez gain, sortzaileekin hizketan aritzeko uneak izango dira. Guztira, bost emanaldi eta hiru solasaldi izango dira, Getxon, Balmasedan, Bilbon (bi aretotan) eta Igorren.

Musika eta antzerkia izango ditu ardatz aurtengo zirkuituak, eta herritar guztiei zuzendutako emanaldiak izango dira. Aipatu bezala, bost ikuskizun izango dira, eta horietako hiruren aurretik solasaldiak izango dira kultur sortzaileekin.

Algortan eta Areetako saioez gain, ondokoak izango dira:

- Azaroak 15, larunbata. Balmasedako Klaret Antzokian, 20:00etan. Sarrera 8 euro.

"Jainko txiki eta jostalari hura". Ikuskizun multimedia berria, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin.

- Azaroak 22, larunbata. Bilboko BBK Salan, 20:00etan. Sarrera 12 euro.

Anne Etchegoyen eta Aizkoa abesbatza. Donapaleuko abeslariak Les Voix Basques diskoa aurkeztuko du Aizkoa abesbatzako kideekin.

- Azaroak 25, asteartea. Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan. Sarrera doan.

Naopoka Iria taldeko musikariekin solasaldia, Zenbat Gara elkarteak antolatuta.

- Azaroak 27, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8 euro aldez aurretik, 12 euro bertan.

Napoka Iria eta Anari. Lehen bikoteak "Arnasten Ikasteko Berriz" diskoa aurkeztuko du, eta Anariren kontzertua izango da ostean.

- Azaroak 27, osteguna. Igorren. Ikastetxeko ikasleentzat.

"Pankreas" antzerki lanaren sortzailearekin (Patxo Telleria) solasaldia, Zertuk antolatuta.

- Azaroak 29, larunbata. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6 euro.

"Pankreas". Gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua. Tartean Teatroa konpainiaren antzerki lan berria da, Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Joseba Apaolazarekin.

Sarrerak Kutxabanken orotariko kutxazainetan, interneten zein aretoetan bertan eros daitezke. Napoka Iria eta Anariren kontzerturako, Kafe Antzokian (zein interneten) eskuratu daitezke sarrerak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun