"Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" irakur zitekeen pankartaren atzean batu dira ia 70 lagun, gaur, Algortako Portu Zaharrean. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, Iñaki Irureta 45 urteko arrantzale algortarraren heriotza salatu dute protesta horren bidez langile erakundeetako kideek, Portu Zaharreko bizilagunek, gertukoek eta beste hainbatek. Lan istripu berean Jacinto Lastra "Karin" Portu Zaharreko semea zauritu zen. Barrikako uretan arrantzan ari zirela, "Itsaso Berria" ontzia harkaitzetan hondartu zen, Iruretak bizia galduz. Lastrak, ontziaren patroiak, igerian Barrikako hondartzara iristea lortu zuen eta anbulantzian Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Gaur, osteguna, azken agurra emango diote senideek, hurkoek eta ezagunek Iñaki Iruretari. Bere arimaren aldeko
elizkizuna arratsaldeko 8etan izango da, Algortako Erredentorearen elizan. Argazkian, gaurko kontzentrazioan batutako lagunak.