Tortura salatuko dute iluntzean Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 30a, 18:01

Gaur iluntzeko 8etan, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazak hartuko du "Stop tortura. 28ak ere libre. Epaiketa politikorik ez!" leopeko manifestazioa. Izan ere, Imanol Beristain Gutierrez eta Segiko arduradun izatea egozten dieten beste 27 gazteren aurkako epaiketaren beste saio bat izan da gaurkoan. Gazteak atxilotu, inkomunikatu eta galdekatu zituzten poliziak deklaratzen izan dira goizeko 10etatik aurrera eta gaur haien azken saioa izan behar zen arren, bihar jarraituko dute. Auziperatuek hainbatetan salatu dutenez, "torturatu gintuzten" poliziak dira horiek. Hori dela eta, aurreko saioetan bezala, "Stop tortura" lelopeko kamiseta beltzak jantzi dituzte, beren militantzia politikoa zigortzeko proba bakanak torturaren bidez eraiki dituztela salatuz. Beraiekin batera, Amaiur koalizioko Onintza Enbeita diputatuak ere gogor salatu du auzia: "Ez dauka inolako oinarri juridikorik lan politikoa egiten duten gazteak atxilotu eta espetxeratzeak, euren helburu bakarra guztiontzat askoz hobea izango litzatekeen etorkizuneko Euskal Herri librea eraikitzea denean", azaldu du Enbeitak. Madrilgoaz gain, goizean Erandion zein campusean ere protestak izan dira. Epaiketa abenduaren 18ra arte da luzatzekoa eta gazte bakoitzari 4.000 euro baino gehiagoko kostea eragingo die. Hori dela eta, Itzubaltzetako Libre ekimenak Beristain lagundu nahi dutenek erabil dezaketen kontua zabaldu du Laboral Kutxan: 3035 0243 07 2431030353. Argazkian, pasa den irailaren 22an, 200 bat lagun manifestatu ziren Imanol Beristain eta beste 27 auziperatuak libre uzteko eskatuz.

Auziperatuek mobilizatzeko egindako deia

Auzipetuok salatu nahi dugu Auzitegi Nazionalak daukan jarrera kontraesankorra. Alde batetik, iaz beste 40 gazteen aurkako epaiketan onartu zieten salan ez egotea. Gure epaimahaiak ordea, erabaki du gu salan mantentzea, gure torturatzaileekin konfrontatzeko asmoz, horrek dakarrenarekin. Argi utzi du oraingoan gure testigantzei ez dietela baliorik eman.

Epaiketan egotera behartuak izan gara eta ikusi behar izan dugu zer nolako inpunitatea daukaten gu torturatu gintuztenak: haien gezurrak jasan behar izan ditugu eta guk ez ezagutzeko, oztopatu nahi izan dute mozorroen bitartez. Beste batzuen jarrera ere mingarria egin zaigu, haien harrotasuna erakutsi baitute.

Geroz eta argiago daukagu gure aurka dituzten froga bakarrak torturapean eskuratutako gure deklarazioak direla, eta deklarazio horiek nola eskuratu diren ere argi geratzen da. Gure kausan, Iparraldean atxilotutako 8ek ez dute deklarazio polizialik eta gainontzeko ia denek, espainiar estatuan atxilotutakoek, tortura salaketak jarri ditugu, gure buruaren kontrako deklarazioak egitera behartu gintuztelako, inkomunikazioan jasandako tratu txarren ondorio.

Frogatzat aurkeztu dituzte ere poliziek egindako jarraipenak, baina jarraipen hoiek erakusten duten bakarra geure bizitzetako egunerokotasuna da, akusazioarekin inolako harremanik ez dutenak.

Gainera, salatu nahi dugu kartzelan ditugun bost kideen egoera. Gure lagunek egun hauetan katxeo zorrotzak eta kondukzio luzeak jasan behar izan dituzte. Hasieran torturak salatzen zituzten kamisetak edo libre dinamikarenak kentzea izan dute helburu. Ondoren, kondukzioetan, ia bi ordutako bidaia jasan behar izan dute, oso postura txarrean esku burdinak bizkarrean lotuta.

Amaitzeko deialdi bat luzatu nahiko genioke Euskal Herriari. Datorren Urriaren 30ean, poliziekin dugun azkenengo saioa burutuko da. Egun honetan, auzo eta herrietan tortura salatzeko dinamikak edo ekimenak antolatzea eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Beraz, adi mobilizazioetara! Stop tortura! 28ak ere libre!

Imanol Beristainek pairatutako torturen kontakizuna



Gaurko manifestazioaren kartela

10712938_868545146502833_5841136134945684578_n
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun