Sopelako Udalbatzak atzo onartutakoaren arabera, "orokortasunetara joaz, kolektiboak estigmatizatuz eta faltsukeriak botaz herritarrak elkarren aurkako jartzeko edozein saiakera" errefusatu zuen Udalak. "Euskadin azken hiru hamarkadetan eraiki dugun jendarte tolerante eta solidarioarekin baino ez dute amaitu nahi", dio onartutako idatziak.
Azkenik, adostutako testuaren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu ere egiten zaio Lanbide eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa indartzeko legeak aurreikusten dituen tresna guztiak garatzea, "behar duen pertsona bat bera ere euskal instituzio publikoek jarritako solidaritate mekanismoetatik kanpo gera ez dadin".
Javier Maroto Gasteizko alkateak azken hilabeteotan darabilen kanpaina xenofoboa Sopelara zabaltzen saiatu zen atzokoan Berta Rodriguez PPren zinegotzi bakarrak, Teresa Fernández tokiko PSE-EEren bozeramaileak salatu duenez. "Erroldaren kontrol eraginkorra egitea eta etxebizitzen jabeei horietan erroldatuta daudenen kopurua jakinaraztea" eskatu zituen mozio bidez ordezkari popularrak. Baita Lanbiderekin lankidetza protokoloa adostea ere, "gizarte laguntzak kobratzerakoan iruzurra saihesteko asmoz". Marotok egin bezala, etorkinak susmopean jarriz. PPk diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruan aurkeztutakoaren ordez, agintean den EH Bilduk eta PSE-EEk babestutako emendakina onartu zuen Sopelako Udalbatzak, zeinean "krisiaren ondorioz, EAEko familia ugarik bizi duten larrialdi egoera" aintzat hartzen den. Eta jendarte babeserako sistema publikoa lehenesten den, "pertsona guztiak duintasunez bizitzea bermatuko duen eta horren beharrezkoa den justizia soziala lortze aldera". Argazkian, Berta Rodriguez PPren zinegotzia.