Maitasunak menpekotasuna sor dezake, hainbat aspektutan gozamena (biokimikoa dena) dakarkigulako, eta guk, nahi gabe ere askotan, plazer horren bila aritzen gara etengabe, bueltatu egiten gara, gure maitemindua bilatzen dugu, plazer horren beharra asetu asmoz. Bikotea objektu bilakatzen dugu askotan geure nahi kontzientearen aurka, eta haserretzera ere hel gaitezke, edo abandonatuak sentitzera, bikotea gure behar hori asetzeko prest azaltzen ez denean, abstinentzia sindromeak hartuta edo. Era berean, maitasun idealek eta maitasunak berak dakarren menpekotasunak norberaren ukapena ekar dezakete, gure bikotekidearen irudi idealarekin identifikatzen dugun plazeraren bilaketan. Egoera horretan, droga menpekotasun larria baikenu bezala, edozer gauza egiteko prest egongo ginateke menpekotasunak sortutako beharra asetzeko, ongi sentiarazten gaituzten hitz goxo, laztan, barre edo praktika sexualen truke.
Menpekotasunak, norbere buruaren ukapenak eta gure bikotekideak gure espektatibak (idealak) ez betetzeak, frustrazioak, jelosiak eta botere harreman oso kaltegarriak sortzen ditu, zenbaitetan, biolentzia matxista agertzea ere eragiten duelarik.
Horrelakoak ekiditea askatasunaren aldarrikapena egiten dugun guztion betebeharra izan beharko litzateke, baina esan bezala, askotan ez da erraza inposatutakoa eraitsi eta nork bere eredu propioa eraikitzea, zelan eraiki ere ez dakigulako. Nork bere nortasun propioa eraikitzen lan egin beharko luke, bakarrik zein konpainian, bikotekideak lagunduta edo lagundu gabe ikasi gozatzen, bikotekideak bikotekidea izan behar duen zalantzan jartzen, edo monogamiarekin apurtzea ez ote litzatekeen hobe, harreman eredu berriak aukera gisa ulertu (hirukoteak, laukoteak, sexu berekoak zein anitzetakoak, iraunkorrak, esporadikoak, intermitenteak…), seme-alabak eduki eta zaintzeko modu ezberdinak aztertu (bi familia edo gehiagoko komunitatean, lagunen artean, zaintza sareen bidez…), eta abar. Dena ere mugak baditugula onartuz, mugek dakartzaten kontraesanekin biziz, baina horiek gainditzen saiatuz… Geure harremanetan gustatzen ez zaizkigun jarrera edo praktikak alde batera uzteko lan eginez, elkar zainduz, komunikatuz, independentzia eta dependentziaren artean oreka aurkituz (denak baikara nolabait interdependienteak), geure burua torturatu gabe…. noski, klabe askatzaile berdinetan gaudela ziurtatuz.
Guzti hau, hala ere, niri burura datozkidan ideia batzuk baino ez dira, eta harreman sanoak bizitzeko, maiten dudan(ar)en eta nire askatasuna bermatzea helburu, bide horretan lan egiten saiatzen naiz. Ondo legoke dena den, hemendik ibiltzen zaretenok gai konplexu honi heltzen diozuenean dauzkazuen burutazioak ezagutzea. Zer uste duzue zuek maitasun erromantikoari buruz? Zelan aurre egin dakioke inposatutako ereduari? Zelan eraiki nork bere eredua?
Lohitzune Rodriguez UEUko Filosofia sailburu algortarrak herenegun Topatu.info-n argitaratutako artikulua