Azken egunak dira Gure Esku Dagoren mosaikoan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 31a, 18:09

Bihar zortzi, azaroaren 8an, Gure Esku Dagok mosaiko erraldoia egin gura du Donostiako Zurriola hondartzan. Hurrengo egunean, herri parte hartze ekimena daukate jarrita Katalunian, etendako kontsultaren galdera bera burutzeko asmoz. Halere, Espainiako Gobernuak hori ere bertan behera uzteko lanean ari da. Kataluniako prozesuaren albiste bata besteari darraion bitartean, Uribe Kosta eta Erandioko Gure Esku Dago taldeek Zurriolako ekimenean parte hartzeko izen ematearekin jarraitzen dute, Algortan, Astrabuduan, Altzagan, Sopelan eta Leioan. Asteartean izango da azken aukera. Argazkian, ekainaren 8ko Durango eta Iruñea arteko jende katean 150.000 lagunek hartu zuten parte, tartean 5.000 bat uribekostarrek.

Inskripzioa egiteko, Gure Esku Dago dinamikako batzordeek saltzen dituzten txartelen bat erosi beharko da, bost eurotan. Halere, argi eta garbi utzi dute, dirurik ez duenak lasai parte hartu ahal izango duela. Txartelen bidez, mosaikoan erabiliko diren petoa eta aterkia eskuratu ahal izango dira. Ezinbestekoa izango da Zurriolara txartel hori eroatea.

Gainera, autobusak ere antolatuko dira. Algorta-Getxoko taldeak zabaldu duenez, autobus plazak erreserbatzeko derrigorrezkoa da Telletxen jarriko dan mahaitik pasatzea. 7 eurotan aterako da bidaia Algortatik. Autobusak azaroaren 8an, goizeko 9etan irtengo dira Telletxe ingurutik eta buelta 14:00etan Donostiatik. Mosaikoa 12:00etan egingo dan arren, 11:00etan simulazioa egingo da. Sopelan asteburuan "autobus tokiak betetzeko" asmoa dute. Azkenik, Leioan buserako txartela 10 eurotan egongo da nagusientzat eta 5 eurotan umeentzat.

Izen-emateko azken egunak

Ostiralean, urriak 31

• Algorta (Getxo): Telletxe kaleko Kea tabako dendaren aurreko informazio gunean (18:00-20:00)

Larunbatean, azaroak 1

• Algorta (Getxo): Telletxe kaleko Kea tabako dendaren aurreko informazio gunean (12:00-14:00)

• Altzaga (Erandio): Beti Lagun eta La Plaza tabernetan eta Jado kaleko informazio gunean (12:00etatik 14:30era).

• Astrabudua (Erandio): Jenaro tabernan.

• Sopela: Udaletxe plazako informazio gunean.

Igandean, azaroak 2

• Sopela: Udaletxe plazako informazio gunean.

Asteartean, azaroak 4

• Leioa: Sakoneta kiroldegiaren sarreran (19:30-21:00).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun