"Nahi baduzu euskaraz" leloa eramango dute Getxoko 30 udaltzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 31a, 18:17

Hemendik aurrera "Nahi baduzu euskaraz" irakur daitekeen "pegatina" eramango dute uniformean Getxoko 30 udaltzainek, beraiekin euskaraz hitz egin dezaketela herritarrei aditzera emateko. Ekimena Getxoko Udalak jarri du martxan, udaltzain batzuek beren eginbeharrak euskaraz ere egiteko agertutako interesari eta nahiari erantzuna emateko. “Langile horiek, Udaleko beste batzuek bezala, herritarrei aditzera eman nahi zieten beren lana euskaraz ere egin dezaketela. Bere lanaren berezitasuna dela eta, Udalak uste izan du erarik hoberena dela beren uniformeetan pegatina bat jartzea, 'Nahi baduzu euskaraz' leloarekin, erakundeak euskaraz antolatzen dituen jardueretan erabiltzen duen logoarekin batera”, nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. UKBERRI.NETen galderei erantzunda, kalean dabiltzan eta herritarrekin ohiko harremana duten "udaltzainen erdiak" herritarren euskaraz ahoz aritzeko gaitasuna duela adierazi dute udal iturriek. Horietatik "%68a prest agertu da" pegata jarri eta euskarazko zerbitzua eskaintzera. Argazkian, udaltzain bat lelo berria paparrean / © Getxoko Udala.

Zehaztu dutenez, "Nahi baduzu euskaraz" lelopeko pegatina kalean diharduten polizientzat da: "gainontzeko udaltzainak (barrura begirako lana egiten dutelako) Euskaraz Biziren barruko beste gauza batzuetan daude, egotea nahi da eta egoteko aukera izango dute, administrazio barruko jarduerak egiten dituztelako", gaineratu dutenez.

Jarduera Udalean indarrean dagoen ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan kokatzen da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun