Gaur arratsaldean 88 urteko gizonezko bat zendu da Sopelan, ematen duenez Barinatxe hondartzara jaisteko bidezidorretik zihoala erorikoa izan ostean. Jasandako zaurien larritasunagatik eta zonaldearen orografiagatik (%60ko desnibela dauka mendi magalak), Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea, helikoptero bat eta mendiko erreskate taldea ere bidali behar izan dute. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, 14:25 aldera izan da gertaera. Ordu horretan jaso dute abisua SOS Deiak zerbitzuan eta berehala abiatu dituzte erreskate lanak. Agurea eroritako lekura heltzea zaila zenez, bertaraino helikopteroz jaitsi behar izan dituzte larrialdietako langileak. Hala ere, horiek gizonaren heriotza baieztatzea besterik ezin izan dute egin. Erreskatatu ostean, Getxoko 88 urteko bizilagunaren gorpua Bilboko Auzitegi Patologia Zerbitzura eraman dute, epailearen aginduz. Argazkian, Ertzaintzaren helikopteroa artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.