Getxoztar bat espetxeratu dute bikotekide ohia ostiraletik itxita izatea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 3a, 18:28

Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean Getxo udalerrian, genero indarkeria delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, horrek bikotekide ohiari eraso egin zion eta, emakumezkoaren borondatearen kontra, gizonak bere etxean atxiki zuen ostiral arratsaldeaz geroztik. Lesio ugari omen zituen biktimak. Lesio horietako bat erasotzaileak biktimari buruarekin kolpe bat eman zionean pairatu ei zuen. Izan ere, ondorioz, hiru hortza hautsi zitzaizkion biktimari, polizia iturriek diotenez. Gurutzetako ospitalera eraman zutenemakumea anbulantziaz. Polizia-eginbideak egin ondoren, atxilotua gaur goizean epailearen esku utzi dute eta epaileak espetxeratzea erabaki du. Argazkian, 2013ko azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, 50 bat lagunek egin zuten kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan Bilgune Feministak deituta.

Jasotako salaketaren arabera, emakumezkoa bere bikotekide ohiaren etxera joan zen ostiral arratsaldean, gauza batzuk hartu nahi zituelako bere etxetik. Ondoren, gizonezkoaren jarrera oldakorra bilakatu zen eta emakumezkoari irainak eta mehatxuak bota zizkion. Orduan, biktima etxebizitzatik ateratzen saiatu zen, baina gizonak ez zion utzi etxetik ateratzen. Horrek emakumezkoa, bere borondatearen kontra, etxean itxita eduki zuen eta emakumezkoaren mugikorra erabilezin bihurtu zuen kanpoko inorekin harremanik ez izateko. Gau horretan, salaketan aipatzen den bezala, gizonezkoak emakumezkoa jo zuen hainbat aldiz. Igandera arte biktima ezin izan zuen etxebizitzatik atera. Gertakarien egileak etxetik alde egiten zuen batzuetan, baina giltzapetuta uzten zuen emakumezkoa.

Heriotza mehatxuak

Igande goizeko seiak aldera, berriz ere indarkeriazko gertakari bat izan zen eta gizonezkoak herio-mehatxua egin zion emakumeari. Halako batean, gizonezkoak buru-kolpe bat eman zion emakumezkoari aurpegian eta, ondorioz, hiru hortza hautsi zizkion. Emakumezkoak bazebilen beste mugikor bat lortu zuen eta komunean itxi zen. Handik 112 telefono zenbakiaren bidez laguntza eskatu zion SOS Deiak zerbitzuari. Gertatukoaren berri izatean, ertzainak etxebizitzara gerturatu ziren, eta, bertan, 48 urteko gizonezkoa atxilotu zuten genero indarkeria delitu bat egotzita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun