Getxoko EH Bildu: "Aurrekontu proiektuaren eztabaida publikoa egitea gutxieneko demokratikoa da udal politikan"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 3a, 18:42

Legegintzaldi Osoan EAJren gobernu taldeak ez du Aurrekontua behin ere aurkeztu Osoko Bilkuran. 2014ko azaroan gaudela kontuan izanda, esperantza gutxi daukagu 2015ko aurrekontua publikoki aurkeztuko duenik. 2011n sartu ginen EH Bildukoak Getxoko udaletxera. 2012 eta 2013 urteak agurtu ditugu jada eta 2014. urteari laster esango diogu agur. Gure udal jardunaren ezagutzaren arabera, udal aurrekontuen eztabaida izango zen etxe honetan izango genuen lan zailena. Baina, ez da horrela izan inondik inora. Zergatik? Legegintzaldi osoan EAJren gobernu taldeak ez duelako Aurrekontua behin ere aurkeztu Osoko Bilkuran. 2014ko azaroan gaudela kontuan izanda, esperantza gutxi daukagu 2015ko aurrekontua publikoki aurkeztuko duenik. Zelan esan dezakete orduan Getxoko Udal Administrazioa “gardentasunaren erreferente” dela? Argazkian, Maitane Nerekan Getxoko EH Bilduren bozeramailea.

Hiru urtez jarraian udal aurrekontuen eztabaida publiko eta gardena lapurtu zaigu Getxoko oposizioko talde politikooi; baina, batez ere, eztabaida hori lapurtu zaie herritarrei. Urtean ikusi dugu, dirua Kreditu Transferentziaz eta Erremanentearen erabileraren bitartez hemendik hara mugitu dutela lotsa barik, euren gustuko proiektuak gizendu eta murrizketak aplikatuz nahi izan duten arloetan. Antza denez, lapurretan amaitu nahi dute legegintzaldia Imanol Landak eta bere Gobernu Taldeak, 2015eko aurrekontuak ere publikoki aurkeztu barik. Osoko Bilkura udal honek duen foro publiko bakarra da eta, beraz, nahitaezkoa litzateke aurrekontu proiektu bat horretara eramatea. Noski, egokiena litzateke akordio batera heltzeko lan txukuna egitea eta Osoko Bilkura eramateaz gain, akordioa lortzea; baina horretan ere, gaitasun murritza dutela erakutsi dutenez, behintzat (adostasunik lortu ala ez) Aurrekontu proiektuaren eztabaida publikoa egitea gutxieneko demokratikoa da udal politikan.

Bestalde, azken bi urteotan EAJk udal komunikabidea den Getxoberri erabili du bere alderdiarena bakarrik zen proiektuaren propaganda egiteko, gainontzeko taldeei horretarako aukerarik eman ez digunean. Aurten ere berdina egingo al du? Horri baliabide publikoaz alderdi propaganda egitea deitzen zaio.

Getxoko EH Bildutik gogor salatzen dugu Imanol Landaren taldeak Aurrekontuak adosteko erakutsi duen gaitasun eza , baina batez ere salatzen dugu Aurrekontuak publikoki eztabaidatzeko aukera herriari lapurtu izana. Exijitzen dugu 2015eko Aurrekontu proiektua publikoki Osoko Bilkuran aurkez dezala lehenbailehen.

Getxoko EH Bildu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun