Azaroaren 13an, sukaldaritza tailerra egongo da Fadurako ostalaritza eskolan; 19:00etatik aurrera, Latinoamerikako sukaldaritzan artoaren erabilerari buruz. Interesdunek izena eman ahal izango dute gaurtik aurrera Villamonteko liburutegian edota villamonte.liburutegia[abildua]getxo.net helbidearen bitartez (matrikularen prezioa: 5 euro). Biharamunean, ostegunean, hilak 14, Roge Blascok zuzendutako "La casa de la palabra" Radio Euskadiko irratsaioaren zuzeneko grabaketarako bisita egongo da 15:00etatik 16:00etara. Horretara joateko aurretiko izen-ematea Villamonteko liburutegian zein aurretik aipatutako e-posta helbidearen bitartez egin daiteke.
Azaroaren 19an, asteazkenean, "Déjame que te cuente: periodismo narrativo en América latina" hitzaldia izango da, Algortako kultur etxean, 19:00etan, Peruko Toño Angulo Daneri kazetari eta idazlearen eskutik. Ostegunean, berriz, haurrentzako "Bazen behin Amerikan" euskarazko ipuin-kontaketa saioa egongo da Villamonteko liburutegian Inés Bengoaren eskutik. Saioa 18:00etan hasiko da eta 3 eta 6 urte arteko umeei zuzenduta dago. Ostiralean, hilak 21, "Cómic hecho por mujeres latinoamericanas" literatura-hitzaldia izango da leku berean, 19:00etatik aurrera, Skolastika elkarteko Josune Muñozen eskutik.
Jaia eta zinea
Hilaren 22an, larunbatarekin, Latinoamerikako jaia egongo da Algortako kultur etxean eta liburutegian, 17:00etatik 21:00etara. Bertan ipuin-kontaketa, tailer familiarra, Sin Fronteras taldearen musika ekitaldia eta Latinoamerikako produktu tipikoen dastaketa izango dira. Azkenik, jardunaldiak azaroaren 28an amaituko dira Zine-Kluba zikloaren eskutik. Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan Mariana Rondón zuzendariaren "Pelo malo" film luzea emango da 21:00etan. Ohi bezala, proiekzioaren ondoren, foruma hasiko da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.