Karabanek udako denboraldirako aparleku egokitua izango dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 3a, 19:52

Sopelako Udalak Urko eta Ugeraga inguruaren berreskuratze-prozesuarekin jarraituko du hurrengo hilabeteotan. Urko paduraren berreskuratze ekologikoaren ostean, hurrengo urratsak Ugeragako aparkalekuari begira emango dira. Udalak aipatu lekuan udako denboraldirako karabanentzako parking bat sortuko du, tokiko iturriek adierazi dutenez. Bere hitzetan, "modu honetan, karabana hauek herriko beste gune batzuetan sortzen dituzten arazoak ekidin gura dira, eurentzako leku apropos bat sortuz (seinaleak jarriko dira aparkalekua ezagut dezaten)". Aparkalekua uda denboraldian baino ez da egongo erabilgarri ibilgailu horientzat. Hau da, ekainetik irailera arte. Beste hilabetetan, ohiko erabiltzaileek aparkalekua erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, 130 auto aparkatzeko aukerarekin. Aparkalekuak honako zerbitzuak eskainiko die bisitariei: kontenedoreak, ur edangarria duen iturria, leku garbia (ur gris eta beltzak botatzeko lekua), argiztapena, eta abar. 24 autokarabana aparkatzeko lekua egongo da. Proiektu honen aurrekontua 59.000 eurokoa izango da; kopuru horren erdia argiztapena berritu eta aldatzera bideratuko da (herriko beste hainbat lekutan egin den bezalaxe). Agazkian, besteak beste, karabanek beste gune batzuetan sortzen dituzten "arazoak" ekidin nahi dituzte / cc-by Nacho.

"Gaur egun, autokarabanek ez dute inolako espaziorik Sopelan (eta inguruko herrietan) eurentzako. Udan, asko dira herrira gerturatzen diren autokarabanak, eta ez dute aukerarik izaten euren ur gris eta beltzak aldatzeko, iturririk erabiltzeko e.a. Udalak gabezi horri erantzun gura dio, gaur egun Uribe Kostan ez baitago inolako eskaintzarik, eta horrek mota honetako turismoa bultza dezake", azaldu dute Udaletik

Neguan autoek orain arte bezala erabiltzen jarraitu ahal izango dute, eta udan, berriz, bai karabanek, baita autoek, aparkatzeko espazioa izango dute.

Obrak hasi baino lehen, Udalak hainbat panel informatibo jarriko ditu lanen nondik norakoak ezagutaraziz. Obrak egiten diren bitartean, erabiltzaileek aparkalekuaren %70 erabilgarri izango dute beti. Modu honetan, futbol zelaira joaten diren lagunek aparkatzeko lekua izango dute obra egiten den bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun