URA Uraren Euskal Agentziak sei hilabetez aritu da espezie inbaditzaileak kendu eta kontrolatzeko lanetan Artibai, Butroe, Gobela, Asua, Nerbioi-Ibaizabal, Kadagua, Ballonti, Granada, Barbadun eta Kalera ibaien ertzetan. "Orain bukatutzat ematen dira aurtengo lanak, landareak dagoeneko geldialdi begetatiboan daudela ikusita", azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren menpeko aipatu erakundetik. Ekintza horietan 219.682 euro inbertitu dira eta lanak 23.183 metro koadroko azaleran zabaldu dira. Zehazki bi landare hauek dira kendu direnak: Poligono Japoniarra (Fallopia Japonica) eta Kanabera (Arundo Donax). Besteak beste, Gobela ibaiaren Getxo udalerriko inguruetako 442 metro koadroko azalera garbitu dute, horretara 5.862 euro bideratuz, URAk emandako datuen arabera. Asua errekari dagokionez, 8.445 metro koadroko azalera hartu dute lanek Erandio, Sondika eta Derion barrena, horretan 24.185 euro erabiliz. Argazkian, Fallopia Japonicaren kontrako tratamenduaren ondorengo irudia Gobelan / © Eusko Jaurlaritza.