Merkataritzari buruzko mapa birtuala egingo dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 4a, 11:48

Getxoko Udalak eta Euskadiko Merkataritza Elkarteen Konfederazioak (Euskomer) udalerrian Merkataritzari buruzko Informazio Geografikoko Sistema ezartzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena dena. Proiektuaren helburua Getxon eta EAEko gainontzeko udalerrietan txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreari buruz "ezagutza sakona" lortzeko tresna digitala sortzea da, tokiko arduradunek azaldu dutenez. "Behin prozesu hori bukatuta, Getxok tokiko merkataritzaren sektorearen mapa zehatza izango du, urtero gaurkotuko dena", gaineratu dute. 2014-2015 urteetan hiru fasetan banatuta datu bilketa prozesua egingo da: ekonomia-errolda egitea eta datuak gaurkotzea, informazio osagarria batzea, eta sistema eskura jartzea. Ikerketa webgunean gauzatuko da, merkatarien eta Udalaren beraren eskura egongo den web orrialdean. Udalerrian egiten diren jarduera zehatzak agertuko dira, horien ondorengo ebaluazioa erraztuz. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Ignacio Uriarte Merkataritza zinegotzia, Imanol Landa alkatea eta Pedro Campo Euskomer-en presidentea atzoko ekitaldian / © Getxoko Udala.

Udalak, halaber, tresna berri hau ekintzaile berriak laguntzeko erabili ahal izango du, hala nola udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorearen ezaugarrien arabera tokiko antolamendua eta planifikazioa egiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun