Egunez egun
- Azaroak 6. "Historiaren atarian" izeneko dokumentala ikusi ahal izango da. Horretan euskararen jatorriari buruz dauden zalantzak, tesi nagusiak, iritziak eta datu jakinak ikusi ahal izango dira.
- Azaroak 13. "Erromako Inperioa" proiektatuko da. Horrek erromatarren etorrerak euskaran eragin zituen aldaketak (latina nagusitu zen) agertuko dira eta baita sasoi horretakoak direla euskarazko lehen aipu idatziak ere.
- Azaroak 20. "Aniztasunaren bidean" lana ikusi ahal izango da eta horretan Erdi aroan penintsulan izandako inbasioek eragin zituzten ondorioak aipatuko dira, esate baterako, latinaren indarra leundu zela, eta Euskal Herria hizkuntza eta kultura aniztasunaren bilgune bihurtu zela.
- Azaroak 27. "Mugetan gaindi" proiektatuko da. Horretan aipagai izango da Frantziak eta Espainiak mugak finkatzeak euskararen komunitatea bitan banatzea eragin zuela, ondorioz gutxiagotze-prozesuan sartuz. Horrekin batera, baleazaleak eta itsaso arteko bidaiek ekarri zituzten bitxikeriak ere ezagutu ahal izango dira.
- Abenduak 4. "Gerren arteko pizkundeak" izeneko dokumentalak erakutsiko du Iraultza Frantsesak eta Foruak galtzeak hizkuntzaren beste atzerakada bat ekarri zutela. Hala ere, XX. mendearen hasieran euskarak beste berpizkunde txiki bat izan zuen kultur mugimendu erromantikoari esker.
- Abenduak 11. "Mundua osatzen" azken dokumentala izango da eta horretan 36ko gerrak eta frankismoak eragindako urte ilunak aipatuko dira eta baita hemendik aurrerako erronka berriak eta hainbat klabe ere.