Gasteizko erailketa matxista salatuko dute gaur Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 6a, 11:15

Astelehen arratsaldean 42 urteko emakumezko hilik aurkitu zuten Gasteizko Guayaquil kalean, Pilar auzoan, bere etxebizitzan, indarkeria zantzu argiekin. Handik ordu gutxira atxilotu zuten ertzainek haren bikotekide ohia eta bere etxea arakatu. 45 urteko gizon bat da. Ertzainek azaldu dute genero indarkeriarekin batera aztertzen ari diren beste hipotesi nagusia drogen munduarekin lotuta dagoela: kontu garbitze bat izan daitekeen susmoa dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du kasuaren gaineko xehetasun gehiagorik eman, sumarioa sekretupean ikertzen ari baitira. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, bere aldetik, garbi ikusi du gertaera horren atzean indarkeria matxistaren itzala: "mila aurpegi, ahots eta adierazteko forma ditu", oroitarazi du. Bada, gaurko, osteguna (azaroak 6), kontzentrazioa deitu du Algortako Bilgune Feministak. Hitzordua 19:30ean jarri du Telletxe plazan. Argazkian, martxoaren 19an Andina Pereira de Britoren erailketa salatu zuten Algortan.

Bikotekideak hil zuela baieztatzen bada, aurten genero indarkeriarekin lotutako urteko hirugarren kasua izango da Gasteizkoa. Lehena Andina Pereira de Brito izan zen, 35 urtekoa; martxoaren 17an hilotz agertu zen Mungian, eta berehala atxilotu zuten haren bikotekide izandakoa.

Bigarrena irailaren 13an izan zen. Angelun (Lapurdi) labankadaka hilik aurkitu zituzten emazte bat eta gizon bat: erizain laguntzaile bat eta 80 urteko gizon bat. Azken horri biloba bat —elbarria— bisitan joana zitzaion, eta haren zaintzailea zen hildako andrea. Handik bi egunetara hilotz agertu zen emaztearen bikotekide ohia, bere buruaz beste eginda, eta Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek onartu zuen genero indarkeria zela lehen hipotesia. Lehendik ere salaketa bat jarria zuen emazteak gizonaren kontra: tratu txarrak ematen zizkiola zioen. Oso isilik joan zen kasu hura; ia oharkabe.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun