Kataluniako kontsultari babesa agertu dio Sopelako Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 6a, 12:22

Espainiako Gobernuak eskatuta Konstituzio Auzitegiak birritan debekatu arren, igande honetako (azaroak 9) kontsultari eutsi diote Katalunian. Bide horretan, Sopelako Udalbatzak bere babesa agertu die bertoko erakundeei eta azaroaren 9ko kontsulta demokratikoari. Proposizioa EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztu zuen, eta koalizioko zazpi zinegotzien babesa jasotzeaz gain, EAJren zazpi zinegotzien babesa ere jaso zuen. PSE-EEren zinegotzi biak eta PPren zinegotzi bakarrak kontra bozkatu zuten. Beraz, aldeko 14 boto jaso ziren eta kontrako hiru. Bitartean, larunbatean Donostian antolatutako mosaikoarekin Munduko Guinness errekorra gainditu nahi du Gure Esku Dagok. 5.000 pertsonatik gora bildu nahi dituzte Kataluniako prozesuari babesa adierazi eta Euskal Herriko erabakitzeko eskubidearen alde. Herrietako batzordeek ere ekimen ugari antolatu dituzte iganderako. Besteak beste, Itzubaltzeta / Romon ere egongo da "bozkatzeko" aukera, 12:00etatik aurrera, Santa Eugenia plazan. Astrabuduan, berriz, "urna-poteoa" egingo dute, 12:30ean Trabudu plazan hasita. Algorta-Getxoko GEDeri dagokionez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako igandeko prozesu parte-hartzailea baliogabetzeagaz bat ez datozela adierazteko, elkarretaratzea egingo dute Telletxen, 13:00etan. Argazkian, Kataluniako bandera eskegi dute Sopelako udaletxeko balkoian / © Sopelako Udala.

Egun, aterkiekin egindako mosaikorik handienak 2.170 parte-hartzaile zituen eta Jakartan egin zuten, Indonesian, 2012ko abuztuan. Philips bonbilen iragarkia izan zen. Kataluniako kontsultari babesa adierazi dio Gure Esku Dagok eta bezperan egingo da ekimena, "guk ere erabakitzeko eskubidea noizbait egikaritzeko lanean ari garela adierazteko". Gure Esku Dagotik adierazi dute beren buruari jarri zioten 5.000 pertsonako erronka "gainditzear" daudela, eta teknikoki jende gehiagok parte hartzeko egokituko dutela mosaikoa. Izena eman gabeko jendeari ere Zurriolara gerturatzeko deia egin diete.

Sopelan onartutako proposizioaren eztabaida eta bozketa (© Sopelako Udala)



Onartutako testua honakoa da:

“2014ko irailaren 19an, Kataluniako Parlamentuak irailaren 26ko Kataluniako 10/2014 Legea onartu zuen, aldeko 106 botorekin eta aurkako 28rekin. Berresteko ez diren herri-kontsultei eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege hori 2014ko irailaren 27an argitaratu zen Kataluniako Generalitatearen Aldizkari Ofizialean.

Halaber, egun bereko aldizkariaren eranskin gisa argitaratu ziren Kataluniako Generalitateko presidentearen irailaren 26ko 129/2014 Dekretua (Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko kontsulta deitzekoa) eta horren eranskinak.

2014ko irailaren 29an, Mariano Rajoyren gobernuak erabaki zuen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztea Konstituzio Auzitegian, eskatzeko legea eta dekretua behin-behinekoz bertan behera utz zitzaieten.

Irailaren 29an bertan, Konstituzio Auzitegiak erabaki zuen bi arau-testuak behin-behinekoz bertan behera uztea.

Kontsultarako deialdia herritarren eta udalen mugimendu oso oso zabal batek sustatuta eta lagunduta dago, oso errotuta dagoen mugimendua. Irailaren 22tik, Kataluniako Udalen ia %100ek onartu dituzte azaroaren 9rako deitutako kontsulta babesteko mozioak, herritarren ordezkaritzak ematen dien zilegitasun eta sendotasun guztiarekin; 920 udal baino gehiago dira (guztira 947 direlarik), Kataluniako biztanleen ia %90 ordezkatzen dutelarik.

Horregatik guztiagatik, Sopelako Udaleko Osoko Bilkurak, hau erabaki du:

ERABAKIA

1.- Sopelako Udalak errespetatu eta aitortu egiten du Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa, kataluniar gehiengoaren borondate demokratikoaren adierazpen gisa.

2.- Sopelako Udalak defendatzen du herriek eta pertsonek beren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko askatasuna dutela, berriki Eskozian ikusi den moduan. Izan ere, Sopelako Udalaren ustez, etorkizuna ezin da inposizioekin eraiki, oinarri demokratikoen eta herriek eta pertsonek adierazitako borondate askearen gainean eraiki behar da.

3.- Sopelako Udalak erabateko babesa eskaini nahi die Kataluniako instituzioei, batez ere Parlamentuari , Generalitateko gobernuari eta bere presidenteari, bai eta euren herritarren eskubide demokratikoak babesteko adierazpena egin duten ehunka Udalei ere.

4.- Sopelako Udala ez dago inola ere ados Espainiako Gobernuak aurkeztutako errekurtsoarekin eta Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakiarekin, katalanek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidearen aurkakoak baitira.

5.- Sopelako Udalak eskatzen dio Konstituzio Auzitegiari bi xedapen horiek behin-behinekoz bertan behera uzteko erabakian atzera egiteko eta aukera emateko katalanei 2014ko azaroaren 9an askatasunez adierazteko beren iritzia.

6.- Sopelako Udalak erabaki hau Espainiako Gobernuari, Konstituzio Auzitegiari, Kataluniako Generalitatari, Associació de Municipis per la Independència, AMIri eta Associació Catalana de Municipis, ACM-ri bidaliko dio.”
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun