Asteburu honetan ospatuko dira San Martin jaiak Algortako Hezetasun auzoan. Bada, urtero bezala, Agurra dantza taldeak egin ohi duen Euskal Jaia batu zaio tokiko batzordeak antolatutako egitarauari. 25. edizioa dute aurtengoa Agurrakoek eta, hasteko, bihar bertan, 17:00etan egingo dute Euskal Jaiaren hasiera ekitaldia. Ordu erdi beranduago, buruhandi eta txistularien kalejirak hartuko ditu inguruko kaleak: Basagoiti, Iturgitxi, Itxe eta Areneazpi zeharkatuko dituzte. Larunbatari dagokionez, XXIV. Fandango eta Arin-arin Erakustaldia (18:30) eta XXII. Aurreskulari Txapelketa (19:30) egingo dituzte San Nikolas ikastolako patioan, azken hori Juanjo Gonzalez de Mendibilen omenez. 21:00etan oroigarriak banatuko dituzte. Aipatzea goizeko 10:30ean kalejira egingo dutela auzoan zehar Agurrako txistulariek. Baita igandeko 09:30etik aurrera ere. Azken egun horretan, Kasune kalean batuko dira 12:00etan dantzariak. Kalejira egingo dute ondoren Kasune, Elorri, Iturgitxi eta Areneazpi kaleetan zehar. Amaitzeko, euskal dantzen agerraldia (12:30) egingo dute San Nikolas ikastolako patioan Gorantzaileak (Sondika), Trabudu (Astrabudua), Uztargi (Erandio), Erreka Ortu (Barakaldo), Gure Ohiturak (Leioa), Itxas Argia (Getxo) eta Agurra (Algorta) taldeek. Euskal Jaiari 16:00etan emango diote bukaera, aurretik herri bazkaria (15:00) egingo dutela. Argazkian, Agurra dantza taldeko gaztetxoak 2011n Areetan ospatutako Getxoko Dantzari Egunean.