Euskal Herrian auzolanean eta elkarlanean egindako "lorpen handiak" goraipatu ditu Amondok, eta, "guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, euskaraz biziko den herria lortuko dugula" ziurtatu. "Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu, Korrika bera, esaterako, eta iraganean bezala, gaur egun ere eskuzabal eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia", adierazi du.
Durangoko Azoka
Ildo horretan, Euskal Herrian auzolanean eta elkarlanean egindako "beste lorpen handi bat" Durangoko Azoka dela gogorarazi du Amondok, Korrika 19ren omendua, hain zuzen ere, eta 2015ean 50 urte beteko dituela nabarmendu du.
1965ean liburu azoka soil gisa sortu zen ekimena "etengabe haziz eta zabalduz" joan dela azpimarratu du, "apurka-apurka, liburu eta diskoez haratago, euskal kultur eragileen topagune bihurtu arte". "Gaur egungo azoka ez da liburuen eta diskoen azoka bat soilik, euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgunea da, euskaldunen eta kulturzaleen ezinbesteko topalekua", gaineratu du.
Azkenik, Korrikan nola parte hartu daitekeen gogorarazi dute ekitaldian, hala nola herri edo auzoetan eratuko diren batzordeetan, Korrika Laguntzailea euskarria edo erosiz, korrikalarien petoa hartuz, herriz herri egingo den diru bilketan lagunduz edo Laboral Kutxaren 3035 0072 0207 2003 7810 kontu korrontean nahi den diru kopurua sartuz.
Halaber, webgunea zabalduz edo Korrikaren sare sozialak erabiliz ere lagundu daitekeela adierazi dute, eta, ildo honetan, Amondok iragarri du abenduaren 3tik aurrera www.korrika.eus izango dela webgunearen helbidea, eta ez www.korrika.org.
Euskahaldundu! Korrika 19