Hamahiru urte bete dira gaur, azaroak 7, ETAk Jose Maria Lidon Corbi Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Aretoko magistratua Algortako bere etxeko garajean hil zuenetik. Hori dela eta, Bilboko Justizia Jauregian lore eskaintza egingo diote haren familiako kideek, lagunek eta lankideek. Eguerdiko ordu bata eta erdietan izango da ekitaldia. Bertan izango dira, besteak beste, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Justizia eta Herri Administrazio sailburua, Jon Arturo Uriarte Justizia Administrazioko zuzendaria, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidentea, Manuel Ayo Bizkaiko Probintzia Auzitegiko ordezkari nagusia, Aner Uriarte Biloko Epaitegi Dekanoa eta Juan Calparsoro Fiskal Nagusia. Juan Mateo Ayala Jose Maria Lidonen laguna izan zenak omenaldian parte hartuko du. Lidon, Ayala eta Maria Jesus Erroba (hilda) lankideak ziren Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Bigarren Aretoan. Familiak lore eskaintza egingo du urtero legez epailea gogoratzeko Justizia Jauregian jarrita dagoen plakaren aurrean. Argazkian, Getxoko Udalak San Inazio plazan egin ohi du "terrorismoaren biktimen" aldeko omenaldia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!