Euskal gatazkaren biktimak gaur Sopelan hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 7a, 17:47

Gaur, iluntzeko 7etan, Sopelako Kurtzio kultur etxeak "Ondorioen testigantzak. Giza eskubideak" dokumentala eta "Euskal Gatazka, oinaze eta bizipenak" hitzaldia hartuko ditu. Proiekzioa eta berbaldia Meñakoz kultur elkarteak antolatu ditu, Ekimen giza arazoen ikerketarako elkarteak egin duen dokumentala jendarteratzeko asmoz. Lan horretan, Euskal Herriko gatazka politikoak sorturiko hainbat biktimaren lekukotasunak biltzen dira. Kurtzion izango den Julene Zuazua Alvarez psikologoa eta Ekimen elkarteko kideak "UK" aldizkariari adierazi dionez, gaurko emanaldiaren bidez "gure intentzioa euskal gizartean bizi izan dugun gatazkaren ondorioz sortutako traumen edo minen testigua ematea da. Gatazka honen ondorioz biktimei ahotsa ematea eta beraien mina errekonozitzea eta gizarteratzea, horregaz hasten da-eta traumaren erreparazioa". Argazkian, Julene Zuazua Alvarez / © Asier Mentxaka - "UK" aldizkaria.

Ikusleek Kurtzion so izango duten bideoan agertzen dira "urteetan talde-dinamika batean parte hartu duten pertsonen bizipenak eta talde-dinamika", Zuazuak aurreratu duenez. "Horren ondorioz lortu dute bere sufrimenduaren inguruko ulermena. Horrela, presente egiten dira Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruan sortu diren errealitate anitz, urte askotan isilduta egon direnak", gaineratu du.

Ekitaldia irekia da, hainbatetan ahaztutako biktimen errealitatea jendartean zabaltzeko. "Alde guztietako sufrimendua onartzen eta ulertzen bakarrik lor daitekeelako adiskidetze erreala. Horrela, gatazkaren beste ulermen bat bereganatu eta sufrimendu gehiago ez eragiteko modu desberdin bat eraiki nahi dugu", dio Ekimen elkarteko kideak. Ikus-entzunezkoa gaztelaniaz grabatu da eta proiekzioan euskarazko azpitituluekin pantailaratuko da. Gaurko ekitaldiek bat egingo dute, denbora aldetik, asteburu honetan Sopelan izango diren euskal gatazkaren inguruko beste batzuekin, hala nola "Lasa eta Zabala" filmaren proiekzioak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun