"Joan den urteetako omenaldien harira, Alkateari eskua luzatu diogu talde politiko guztien parte hartzea eta adostasuna lortuko duen akordioa bilatzeko, gaur egungo Osoko Bilkuraren sentipena islatzen duena. Alkatetzatik 2012rako beranduegi zela baina 2013ra begira lanean hasteko aukera zegoela erantzun zitzaigun. Hala ere, ez dugu inolako saiakerarik ikusi eta berriz ere, Osoko Bilkuraren parte den EH Bildu taldea eta herri honen memoria historikoaren parte diren biktima batzuk baztertzen dituen omenaldia ospatu da", azaldu du Getxoko EH Bilduk.
2009an, Getxoko Udalbatzak "terrorismoaren biktimei" omenaldia egitea adostu zuenean, EAJ, PP, PSE-EE eta Ezker Batua baino ez zeuden ordezkatuta aipatu erakundean, ezker abertzalearen ilegalizazioaren ostean.