Etxez etxeko zerbitzua doan Leioako dendetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 10a, 18:34

Leioako merkatari askok erosketak etxez etxe banatzeko doaneko zerbitzua eskainiko diete bezeroei hilabete honetatik aurrera. Egitasmoa Leioako Merkatarien Elkartea eta tokiko Behargintzaren artean abiarazi dute, udal iturriek jakinarazi dutenez. Oraingoz, gremio desberdinetako 29 denda batu dira proiektura. "Leioa bidean" ikurra edukiko dute jakiteko zeintzuk diren, eta bezeroen erosketak etxera eramateko tramiteak egiteko ardura hartuko dute, erosketaren zenbatekoa edozein delarik ere. "Horrela, bezeroek euren zereginekin jarraitu ahal izango dute, poltsa edo paketeak eramateko lan gogaikarri hori egin beharrik gabe", diote bultzatzaileek. Leioako Udalak eta Merkatarien Elkarteak, Lanbideren diru-laguntza bati esker, martxan jarri duten esperientzia pilotu berri honen asmoa da "hurbileko merkataritza urbanoa" sustatzea, "Leioa udalerri bizia izan dadin, auzotarrek behar dituzten zerbitzu guztiak eskaintzen jarraitzen duen udalerria, eta horrela, komunitatea garatzen jarraitu". Zerbitzu honetarako taldea hiru pertsonek osatzen dute, Lanbideko enplegu poltsatik hartuak. Argazkian, Leioako saltoki bat / © Leioako Udala.

"Hurbileko merkataritza urbanoa, enplegua eta jasangarritasuna sustatzea, ibilgailu elektrikoa erabiliko baita banaketak egiteko, horiek dira ekimen honen hiru ardatzak. Leioa Bidean, hortaz, garapen jasangarrirako ekimen berriak bilatu eta sortzeko asmoarekin jaio da, Leioan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko eta Leioako 507 baino gehiago diren denda horiek indartzeko", azaldu dute Udaletik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun