Gaur 19 urte bete dira Bilboko metroa ibiltzen hasi zenetik. Bertoko langileak, baina, ez daude ospakizun askotarako. 2015eko apirilean, Aste Santuarekin, hasiko omen dira Urdulizko trenbide pasagunea lurperatzeko lanak. Eta horien ondorioz, "bi urtez edo", Plentziako eta Urdulizko bidaiariek autobusez egin beharko dituzte Sopelako geltokirainoko joan-etorriak, Metro Bilbaoko enpresa batzordeak azaleratu duenez. ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek salatu dutenez, "geltoki horien erabiltzaileentzat nahikoa eragozpen eta gainera Metro Bilbaoko zuzendaritzak langileak kendu nahi ditu Plentziako geltokitik, neguko hilabeteetan". Ondorioz, "ez da informaziorik, bezero-arretarik, ez eta txartelak erosteko laguntzarik emango 16 hilabetez gutxi gora behera", langileen ordezkariek salatu dutenez. Argazkian, urteurrena baliatuz, "azaroaren 11n, 11:00etan" egin dute kontzentrazioa Metro Bilbaoko langileek, Plentziako geltokiaren aurrean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!