Marije Fullaondo urtarrilaren 12tik aurrera epaituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 12a, 12:15

Hilabete bat barru, urtarrilak 12, EHAK eta EAE-ANV alderdi politikoen aurkako auzia abiatuko dute Madrilen. 4/08 sumarioaren barruan, Marije Fullaondo La Cruz algortarra, Sorturen Masa Borrokarako arduraduna, eta beste 34 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 2. sekzioko magistratuek. Fiskaltzak 2005 eta 2009 artean aipatu alderdiak ETAren menpe jarri eta ETAko kideak izatea leporatzen die guztiei eta bakoitzarentzat 10 urteko espetxe zigorra eta denbora berean gaitasungabetzea eskatzen du. Prozedura Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen 2007ko urriaren 4an, ezker abertzaleko hainbat militanteren aurka Seguran eta Olabarrian egindako sarekadak direla medio. Bi hilabete beranduago atxilotu zuten Fullaondo Gernikan. Urtarrilean zortzi saio egitea aurreikusi du Salak, zehazki hilak 12, 13, 14, 19, 20, 21, 29 eta 30ean, nahiz eta epaiketa luza liteke. Auziperatuek herriko tabernen eta HBren auzian akusatu gehienak zigortu zituzten epaileak izango dituzte aurrean. Epaiketa berean, EHAK eta EAE-ANV alderdiak desegitea eskatu du Fiskaltzak. Auzitegi Gorenak ilegalizatu zituen. Argazkian, Fullaondo 2010ean Algortan, espetxetik atera berria zela.

Errigoitin bizi den algortarrarekin batera, honako hauek daude deituta akusatuen aulkian jesartzeko: Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi EHAKeko legebiltzarkide ohiak, Jesus Mari Agirre eta Juan Karlos Ramos alderdi bereko diruzaina eta presidentea, Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohia, Aurore Martin Bake Bideako partaidea eta Ipar Euskal Herriko Batasuneko kide ohia, Juan Joxe Petrikorena Sortuko prentsa arduraduna, Haizpea Abrisketa, Tomasa Alejandro, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Gorka Diaz, Angel Mari Elkano, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aner Petralanda, , Joana Regueiro, Arantxa Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Mikel Zubimendi eta Gorka Murillo.

Hamar urte politikako lehen lerroan

Marije Fullaondo Errigoitin bizi den arren, Algortan jaio zen 1964an. Ezker abertzaleko kidea, 2004ko ekainaren 13an Herritarren Zerrendako zerrendaburua izan zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan, baina Espainiako auzitegiek legez kanpo utzi zuten zerrenda. Ondoren, ezker abertzaleko bozeramaile izan zen 2006tik aurrera. Gainera, Arnaldo Otegi eta Joseba Permach kartzelaratu ondoren, Pernando Barrenarekin batera aritu zen. 2007ko udal hauteskundeetarako ezker abertzaletik bultzatu zen ASB alderdia legeztatzea saiatu ziren hiru pertsonetako bat izan zen. 2007ko abenduaren 18tik 2010eko apirilaren 15era kartzelan izan zuen Baltasar Garzon Espainiako Auztegi Nazionaleko epaileak, Batasuneko Mahai Nazionalaren kide izatea leporatua. 50.000 euroko fidantza ordainduta kaleratu zen. 2013ko otsailaren 23an, Sortuko Zuzendaritzan sartu zen, alderdian antolatutako I. Kongresuan. Alderdikideek Masa Borrokarako arduraduna izendatu zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun